Kontzejuko pisua salgai

Guaixe 2013ko urriaren 31

Kontzejuak Etxeberrin duen pisua salgai jarri du. Hasierako prezioa 38.030 eurokoa da. Salmentako diruarekin eta udalaren laguntzarekin frontoia estaltzeko lanak ordainduko ditu. Etxeberriko Kontzejuak Kontzeju etxeko bigarren pisuan duen pisua salgai jarri du. Salmenta enkante bidez eginen da, eta hasierako prezioa 38.030,86 eurokoa izanen da. Interesatuek euren eskaintza azaroaren 18a baino lehen egin beharko dute, Arakilgo Udalean. Pisuaren salmentarekin lortutako dirua frontoia estaltzeko lanetara bideratuko da. Lanek 90.000 euro inguruko aurrekontua dute. Arakilgo Udalak 27.000 euroko diru-laguntza emanen dio kontzejuari aipatu lanetarako. Etxeberriko Kontzejuarendako garrantzitsua da frontoia estaltzea. Horrek festetako bazkari-afariak han egiteko aukera emateaz aparte, urte guztian aterpean kirola egiteko aukera emanen die etxeberriarrei, eta herritarren topalekua izango da eguraldia kaxkartzen denean. Egun, festetan frontoia estaltzeko urtero karpa bat alokatzen du Kontzejuak.