Festetarako frontoia estalita nahi dute

Guaixe 2014ko maiatzaren 8a

Lanak emateko kontratazio mahaia aste honetan osatuko da.

Etxeberriko Kontzejuko aurtengo aurrekontua ere frontoia estaltzeko lanei begira egin dute. 11.410,76 euro dira kontzejuak aurtengo aurreikusi duen aurrekontua. Javier Martija kontzeju-buruak argitu digunez, pasa den urtean ziren frontoiko lanak egitekoak. “Baina arkitektoak gaztigatu zigun kontrakantxa aldean kotarekin arazoak izan zitezkela. Baxu gelditzen zen eta euriarekin arazoak izan genitzakeela jakinarazi zigun”. Horregatik, lanen proiektua aldatu behar izan zuten.

Martijak esan digunez, aste honetan lanak emateko kontratazio mahaia eratuko dute eta ibarreko zenbait enpresari gonbitea luzatuko diete. Bi aste izanen dituzte proposamenak aurkezteko eta maiatza akaberan erabakiko du kontzejuak zeini eman lanak. “Obra erraza da baina egurrak hilabete beharko du lehortzeko. Hiru hilabetetan egina egonen dela espero dugu, festetarako”, esan digu kontzeju buruak.

Finantziazioa
Etxeberriko frontoia estaltzeko lanek 90.000 euroko aurrekontua dute. Arakilgo Udalak lanaren heren bat ordainduko du 28.000 euroko diru-laguntza baten bidez. Gainontzekoa, Etxeberriko Kontzejuaren bizkar geldituko da. Horretarako kontzejuak bere bi pisuetako bat saldu dio han hiru urtez alokatua bizi zen pertsonari. Horrela, aurrekontuaren heren bat estali du kontzejuak eta beste herena bere diruzaintzako soberakinarekin ordainduko du.