Kontzeju-etxeko teilatua berritu dute

Guaixe 2018ko uzt. 2a, 11:12

Lanek 65.000 euroko aurrekontua izan dute. Etxeetarako sarrera eta kontagailuak jarri dituzte ere.

Garagartzaroko lehen astean despeditu dira Etxeberriko kontzeju-etxeko teilatua konpontzeko lanak. Hiru solairuko etxea da behean herriko elkartea duena eta goian bi etxebizitza. Lehen solairukoa alokatuta dago eta bigarrena beste jabe batena da. Horregatik, lanen 65.000 euro inguruko aurrekontuaren bi heren, 42.900 euro inguru, Etxeberriko Kontzejuak ordainduko ditu.

Lanen lehen fasea joan den urtean hasi zen. Haiek ordaintzeko Nafarroako Gobernuak kontzejuari emandako erabilera askeko funtseko dirua erabili zuen, 20.7621,14 euro. Aurrekontua estali arte, gainontzeko dirua aurten pagatu dute.

Teiladura berritzearekin batera, lan gehiago egin dituzte. Bi etxebizitzek sarrera bakarra zuten eta orain bakoitzak bana du. Bakoitzari dagokion kontagailuak jarri dituzte ere. Lehen solairuko etxean balkoi edo miradorea egin dute, "festetan etxajua botatzeko" balioko duena. Hala azaldu digu kontzejuko presidente den Javier Martija Etxarrik.

 



Kanpo santua

Martijak azaldu digunez, hurrengo lana hilerrian izanen da ziurrenik. Basoan sartuta dago kanpo santua eta pareta bat mugitzen ari da. Urtero mantenu lan txikiak egiten dituzte baina erortzear da pareta eta horri lehenbailehen heldu beharko diotela argi dute kontzejuan.  

Bestetik, hilerrira daraman bidera euriak lurra eramaten du eta hura Arakilgo Udaleko langileek garbituko dute. Urtero moduan udaleko langileek sasi garbiketak egin eta konponketak eginen dituzte.