Asteartean Navarra Arenako pilotalekuko lehendabiziko pilotakadak jo zituzten Aspeko Julen Martijak eta Iker Irribarriak eta Asegarceko Aimar Olaizolak eta Jon Mariezkurrenak. Pilotarien sentsazioak jasotzera makina bat komunikabide gerturatu ziren eta lau pilotariek antzeko hitzak izan zituzten: polita, handia baina gertua, beroa, eta atzelariendako frontoi exigentea iruditu zitzaien.
Julen Martijak azaldu zuenez, Navarra Arena “frontoi ona, itxura ona du”. “Frontisa eta lurra ongi doaz eta pista Gasteizko Ogetaren antzekoa da” gaineratu zuen Etxeberriko atzelariak. “Atzean oso exigentea den frontoia da. Dominatuta bazaude, frontoi zaila” nabarmendu zuen. Ezker paretan pilotak ez duela irrist egiten “kanpora ateratzen da”, hori izan zen frontoiari jarri zion kexu bakarra.
Halaber, lau pilotariek frontoi oso handia, baina oso gertua eta beroa dela nabarmendu zuten, pilotariek zaleak gertu izango dituztela. Navarra Arena irailaren 29an mustuko da, Masters Codere finalean.