Astekaria

"Jendea nirekin abesten entzutea izugarria da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko aza. 1a, 12:00

Ane Martija grabazio estudioan. UTZITAKOA

Ane Martija kantautore etxeberriarra Folk Ametsetan aurtengo edizioa mustutzeaz arduratuko da gaur, azaroak 1, astelehena, 19:00etan, Irurtzungo kultur etxean. Aurten egin du kantautore debuta.

Aitortu duenez, "momentuz" ez dago urduri Ane Martija abeslari etxeberriarra. "Baina, noski, Irurtzunen izanda, ez dakit nola jarriko naizen". Folk Ametsetan zikloaren lehenengo emanaldia eginen du, bere lehenengo kontzertua Irurtzunen, "ia-ia etxean". Aurten egin du kantautore debuta, eta Plaza zein taberna abestia publikatu du.

Noiz hasi zinen abesten?
Abestu txikitatik egiten dut. Baina nire lehenengo kanta maiatzean grabatu nuen. Hortik aurrera kontzertuak ematen hasi nintzen. Ez daukat errepertorio handirik, eta nire kontzertuetan nire abestiak eta bertsioak sartzen ditut. Kantautoretzat jo dezaket nire burua abesti hori kaleratu nuenetik. Aurretik ere lagun batekin zerbait egin izan dut, emanaldiak ateratzen zitzaizkigulako, baina bakarlari moduan, aurten.

Zer nolako esperientzia izaten ari da?
Oso ona. Gainera, uste nuen urduriago jarri behar nintzela, eta nahiko lasai eman ditut kontzertuak. Publikoari gustatu zaizkiola uste dut.

Zer nolako abestiak sortzen dituzu?

“Prozesu nahiko arraroa da; bakoitzak badu bere sortzeko modua”

Egia esan, pila bat kostatzen zait abesti bat sortzea. Prozesu nahiko arraroa da. Bakoitzak badu bere sortzeko modua. Denetarikoak sortzen ditut: emakumeek pairatzen ditugun egoera bereziak azaltzen dituen abesti bat dut, momentu jakinetan bizi izan ditudan esperientziak kontatzen dituzten abestiak… Momentuan ateratzen zaizkidan letrak. Sei edo zazpi abesti ditut.

Zerbait berezia edo leku jakin batean sortu behar duzu?
Nire sofan edo etxeko tokiren batean eseri behar naiz, eta inspirazioa behar dut. Momentuan sortu behar zait. Gertatu izan zait abesti batekin hastea, baina inoiz ez bukatzea. Momentuan edo egunean bertan ez badut bukatzen, gero ezinezkoa egiten zait aurrerago osatzea.

Emanaldietan bertsioak egiten dituzu ere. Zeintzuk?
Olatz Salbadorren abesti bat jotzen dut, Eñaut Elorrieta eta Idoia Asurmendiren beste bat, Katamaloren bertsioak ere egiten ditut. Gehienak euskaraz egiten ditut, baina baten bat ere gaztelaniaz egitea gustatzen zait. Azken finean, nik nire egunerokotasunean denetarik entzuten dut, eta publikoan nire gurasoak egoten direlako. Haiek ez dutenez euskaraz oso ongi ulertzen, esaten dut: "Hurrengo abestia nire amarentzat edo aitarentzat".

Kantautorea eta Folk Ametsetan zikloan parte hartuko duzu. Folk musika egiten duzu?
Justu oraintxe unibertsitatean horren inguruko lan bat egin dut. Bai, nire estiloa folk-pop inguruan dabilela esango nuke.


Ane Martija emanaldi batean. JUAN ANTONIO

Nola garatu duzu?
Bakarrik sortu zait. Gitarra hartu, eta sortu da. Egia da gitarra ikasten ari nintzenean gehienbat horrelako abestiak ikasten nituela, eta nik uste horren inguruan ibili naizela beti akordeekin. Nahi gabe atera zait. Ez da pentsatutako zerbait izan.

Zenbait emanaldi egin dituzu, eta telebistan ere egon zara.
Sei edo zazpi kontzertu eskaini ditut. Telebistarena nik ere ez dakit nola sortu zen. Instagrametik Maddi Erauskinek hitz egin zidan, programa horretan lan egiten duen neska bat, nire anaia ezagutzen zuela. Jakin zuen abesti bat kaleratu nuela eta telebistara joateko esan zidan, eta baietz esan nion.

Eta nola izan da abesti bat grabatzearena?
Aspalditik neukan pentsatuta abesti bat grabatzea. Hori zen nire ametsa. Orduan, pandemiaren kontua gertatu zen. Urtarrilean, aurten, aitak esan zidan behingoz egin behar nuela egiteko neukan hori, bazekitela gustatzen zitzaidala. Nire gurasoek eman zidaten behar nuen bultzada. Interneten estudioak eta produktoreak bilatzen ibili nintzen eta azkenean aurkitu nituen estudio bateko bi produktore. Haiekin harremanetan jarri nintzen eta hasieratik oso jatorrak izan ziren. Abestia bidali nien, eta haiek moldaketak egin zituzten.

Zein da helburua?
Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Buruan daukat beste abestiren bat grabatzea eta azkeneko helburua disko bat sortzea izango litzateke. Baina momentuz unibertsitatean nagoenez… Duela gutxi abestiaren bideoa grabatu nuen. Momentuan okurritzen zaizkidan gauzak egiten ditut, besterik gabe.

Zer desberdintasun dago kontzertuetatik grabatzera?
Niri pertsonalki kontzertuak ematea gustatzen zait gehiago. Behin bakarrik egon naiz estudio batean eta ez dakit zehazki nola funtzionatzen duten. Esperientzia gustatu zitzaidan. Baina zuzenekoaren gauza hori gustatzen zait. Gainera, nire kontzertuak planteatzean, abesti ezagun horiekin gustatzen zait jendea abesten entzutea. Askotan gertatu zait entzun dudala jendea abesten, eta hori niretako izugarria da.

Zer sentitzen duzu oholtzara ateratzen zarenean?
Beti dago hasierako momentu horretan ez dakit presioa deitu edo zer, baina lehenengo abestia jo ondoren ahazten dut dena eta jotzen dut, benetan, nire etxean jotzen egongo banintz bezala.

Zer dakar zuretzat Folk Ametsetan zikloan abesteak?
Kristoren ilusioa egin zidan Irurtzungo Udalarekin hitz egin nuenean eta behin kartela ikusi nuenean… Azken finean, kontzertuak ematea gustatzen zait, are gehiago publikoan gertuko jendea ikusten dudanean. Irurtzun nire etxean egotea bezala da.

Nolakoa izango da emanaldia?
Ordu bateko edo ordu eta zerbaiteko emanaldia izango da. Asko hitz egiten dut kontzertuetan. Lagunek esaten didate: "abestera etorri zara edo hitz egitera!". Oso naturala naiz. Abesti gehienak euskaraz izango dira, nire abestiak ere sartuko ditut eta baten bat ere gaztelaniaz egongo da. Printzipioz bilatuko dut jendeak nirekin abesteko aukera sortzea.

Erlazionatuak