Zigor Gartzia Arregi

"Mendia eta egoera irakurtzen jakin behar da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 23a, 12:00
Zigor Gartzia Arregi mendi eskiatzailea. UTZITAKOA

Mendizaletasunak bultzatuta mendi eskia egiten hasi zen Zigor Gartzia Arregi etxeberriarra. Mendian ez ezik, eski estazioetan aritzea atsegin du.

Elurra egiten duenean inguruetan eskiatzea gustatzen zaio ere.

1. Nondik datorkizu eskizaletasuna?
Zaletasuna aspalditik. Duela 20 urte inguru. 18 urterekin edo hasi nintzen. Azkenean, mendian ibili izan garenok zenbaitetan arriskutsua izaten zenean deskubritu nuen eskia. Orduan, mendira joateko beste modu seguruagoa zen, eta harrapatu ninduen. Lehenago pistetan hasi nintzen. Aurretik ez nuen ia eskiatu eta horrek bultzatu ninduen pistetan eskiatzen ikastera, gero mendira joateko. Halamoduz ikasten duzu eski gainean moldatzen. Jaitsi behar den tokitik jaisten gara, baina free stylean, estilo librean.

2. Mendi eskia egiten duzu, beraz. Beste modalitaterik egiten duzu?
Batez ere, mendiko eskia. Egia da gero alpetar edo pistako eskia ere ongi etortzen dela, batez ere, denboraldi hasieran eta eskiatu gabe denbora bat daramazunean; hankak egiteko eta berriz ere eskiatzearen teknika perfekzionatzeko. Mendian aukera handirik ez dago hori egiteko. Ikasten da pistan eskiatzen.

3. Zer behar da mendiko eskia egiteko?
Mendiko eskia egiteko konplikatzen da pixka bat kontua. Batetik, pistan bezala botak, eskiak, kaskoa… Baina mendiko eskiak duen ezaugarria da eskietan eramaten ditugu fakal batzuk aukera ematen digutela maldan gora joateko, bestela ezingo genuke. Gero ere badira xafla moduko batzuk, batzuk gehiago erabiltzen dutela beste batzuk gutxiago, niri ez zait gustatzen xaflak erabiltzea, baina hauek izango lirateke kranpoi antzeko zerbait; elurra gogorra dagoenean eskiekin krak-krak egiteko, aurreratu ahal izateko. Oso garrantzitsua da segurtasuna. Mendia gabiltza eta elurra oso aldakorra izaten da. Mendia beti arriskua dago. Ezinbestea eramaten dugu gailu bat non konektatuta eramaten dugun eta elur jauziren batek harrapatzen badu norbait hartze egoerara pasatzen den, eta gailuhorrekin posiblea da jakitea non dagoen. Motxilan beti pala bat daramagu, norbait harrapatuta gelditzen bada hortik ateratzeko, eta gero sonda antzeko bat ere, bi metro inguru dituen makil bat, desmuntatzen dena, eta erabiltzen da elurretan sartzeko eta jakiteko non egon daitekeen harrapatuta gelditu den hori. Gero pioletarekin eta kranpoiekin kargatzen dugu ere. Azkenean, oso arriskutsua da elurra mendian, eta segurtasun traje horiek guztiak derrigorrez eraman behar ditugu.

4. Arriskua kontuan hartuta ere, gustatzen zaizu.
Mendiari errespetua ezin zaio galdu. Neguan eta elurrarekin oso kontutan hartu behar diren beste eragile batzuk daude. Aurrez egindako planifikazioa oso-oso garrantzitsua da, eta azkenaldietan ikusten ditugunekin are gehiago. Elurraren baldintzak, noiz bota duen, zenbat bota duen… Azken aldian oso izoztuta dago, oso arriskutsia dago. Adibidez, orain goizean goiz ezin da joan oso gogorra dagoela. Itxoin behar duzu pixka bat, baina lokartu gabe gero ilutzean hozten hasten delako berriz. Egunak oso politak izan ari dira. Goian topatzen dituzun ikuspegiak eta sentsazioak ederrak dira. Baina kontu beharra dago. Orain izotza dela, gero abalantxak direla, abalantxak elur kopuruagatik edo plakengatik… Egoera irakurtzen jakin behar da ere, nondik sar gaitezkeen eskiekin eta nondik ez. Esperientziak ematen dizu mendia nola irakurtzen.

5. Edonork egin dezake edo trebakuntza pixka bat behar du?
Gutxienez eskiatzen jakin behar duzu. Hala ere, asko aldatzen da pistetan eskiatu edo mendian eskiatu. Igotzeko lau gauza esanda edonor moldatzen da, edonork igo dezake, baina nekagarria da eta mendia igotzen duzu eta gero jaitsi behar duzu. Elurra ez da pistetan bezala egoten, beti zapaldua eta beti berdin egoten dela, mendian elur mota desberdinetan zehar ibiltzen zara. Edonorrendako bada, gogoak baditu, eta buru pixka batekin eta kasu eginda, bai; hortarako guk beti ikasi dugu zuk baino esperientzia gehiago duen jendearekin ibiltzen. Ikasten eta disfrutatzen zoaz.

6. Nora joan ohi zara?
Lehen agian gehiago mugitzen ginen. Hemendik asko Formigal, Panticosa, Benasque eta inguru horretara. Baina aspaldi honetan, eta elurra egiten badu, egia da hemen inguruan pila bat disfrutatzen dugula. Iazko Filomena horrekin badira inguruko toki pila bat.

7. Baina geroz eta elur gutxiago egiten du…
Klima aldaketa nabari da, eta eragina du. Atsegin dugu, baina astero kotxea hartu eta urrutira joateak ere eskatzen du, suposatzen du. Adina dela edo bestea dela, geroz eta gutxiago egiten dugu. Baina egia da Pirinioetako mendiek badutela zerbait, baina ikasi dugu elurra dagoenean hemengo inguruez disfrutatzen. Basoak eta abar. Agian ez dira hain mendi altuak, baina zuhaitz gehiago daude eta inguruak ezagutu behar ditugu ere. Badira ezkutuko txoko  oso politak.

8. Aipatutako materiala erositakoa da?
Horrek eboluzio bat badu ere. Lehen askoz material astunekin ibiltzen ginen, eta orain geroz eta arinagoak dira. Nik neuk ez dut konpetitzen, baina konpetizio kutsu hori iristen da; material arinagoak erostearena eta horrelakoak. Egia da, hasiera bateko inbertsioa potoloa izaten dela, baina kirol guztietan bezala. Gogoko baduzu, erabiltzen duzu, eta hasierako inbertsio hori egiten duzun arren, ez da pistak eta forfaitak eta horrelakoak ordaindu behar dituzula.

9. Estazioetara joaten zara ere?
Bai, eta atsegin dut. Denboraldiaren hasieran edo pistara joateko aukera duzunean, eta baldintza egokiak badaude; elur bota berria dagoenean edo mendira joateko gehiegizko elurra dagoenean, pistara joateko aprobetxatzen duzu. Oso gustura joaten naiz. Kasu honetan agian Frantzia aldera joan gara, oso baldintza egokiak daude. Mutura azkar berotzen zaigu. Aste Santuan Alpeetara joango garela esan izan ohi dugu, eta aitzakia izaten zen Pirinioetara hurbiltzea helburu hori banuelako. Motibagarria da.

10. Zaletasuna handitu dela nabaritu duzu?
Azken urtetan gorako joera izan da. Mendizaletasunetik pasatu ginen eskira, eta ikusi dugun joera da lasterketatik edo eskiatzetik mendira hurbildu dela jendea. Zerk eraginda? Bada ez dakit. Agian pistek duten ikaragarrizko prezioa izan daiteke. Jendeak gehiago ikusten da, baita koadroa arraroak ikusten dira ere. Ez dakit esperientzia falta den edo ez dutela mendia ezagutzen, baina lehen ez zitzaigun okurritzen mauka motzetan edo eskularrurik gabe elurretan sartzea. Holakoak ikusten dira. Elurrean edozein erorikoan mina hartu ahal duzu. Badu bere arriskua. Oso polita da eta asko disfrutatzen dugu, baina tentuz ibili behar da.

11. Aurten egin duzu?
Bai. Gehiegi ez diogu eman, baina aukera izan dugunean ibili gara. Batez ere Zuriza inguruan egon gara; oso gustura.