Pilota

Martijak bigarren txapela nahi du, pilotazaleen aurrean

Maider Betelu Ganboa 2022ko api. 3a, 16:15
Final oso estua espero da, eta hasiera gakoa izanen dela uste dute lau finalistek.

Bukatu da atzerakontua: Altuna-Martija, Laso-Imaz… gaur erabakiko da nork jantziko dituen 2022ko Binakako txapel preziatuak

Gaur erabakiko da guztia. Bilboko Bizkaia pilotalekuak 2022ko Binakako final handia hartuko du. Sekulako giroa espero da, azken orduan soilik kantxako sarrera bakan batzuk geratzen baitziren libre. Aspeko Altunak eta Martijak, batetik, eta Baikoko Lasok eta Imazek, bestetik, erakustaldi ederra eman nahi dute txapel preziatuak janzteko. Tentsio handiko partida gogor eta lehiatua espero da, eta hasiera gakoa izango dela nabarmendu dute bi bikoek. Dirua Altunaren eta Martijaren aterako da, baina edozer gerta daitekeela agerikoa da. Final handi baten atarian gaude.

Altunak, Lasok eta Imazek Binakako euren lehen finala jokatuko dute. Aldiz, Martijarendako Binakako bigarren finala izango da hau,  2020an Ezkurdiarekin batera Binakako txapela lortu baitzuen. Baina orduan, pandemiagatik Bizkaia frontoia huts-hutsik zegoela jokatu zen finala, eta aurtengoa ohiko finala izango da, "benetako finala, ikusleekin, behar den bezala" nabarmendu du Martijak. Arakildarrak bi autobusetan hurbildu dira Bizkaia pilotalekura, eta aurtengo finalean bai, Martija gertutik animatu nahi dute.

Ikuskizuna, beraz, hastera doa. Ea Martijak txapela Sakanara ekartzen duen.