Julen Martija eta Jokin Altuna Binakako final handirako sailkatuko zirela jakin bezain pronto eromena piztu zen Etxeberrin. 2020an Martijak eta Ezkurdiak jokatu eta irabazi zuten finala ateak itxita jokatu zen, pandemiagatik, eta etxeberriarrek Martijaren lehen txapela ezin izan zuten behar bezala ospatu. Aurten, aldiz, igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan egon ahal izango dute, eta Arakildik bi autobus abiatuko dira, etzi, Altunak eta Martijak Lasoren eta Imazen kontra jokatuko duten finalean herriko semea jo eta fuego animatzeko. Martija ere oso pozik dago Binakako bere bigarren finala izango dena "behar bezala" jokatu ahal izango duelako, publikoarekin.
Finalerdietako ligaxkan Lasoren eta Imazen kontra jokatutako partida ahaztu al duzue?
Bai. Partida horretan ez ginen partidan zentratuta egon. Alde nahikoarekin irabaziz gero enpresako beste bikote bat (Elezkano-Zabaleta) finalean sartu ahal genuela jakitun ginen, baina ez ginen partidan sartu, asko kosta zitzaigun. Partida oso txarra egin genuen. Finalerako sailkatuta geundela bagenekien, eta nik uste horrek ez zigula onik egin. Batzuetan gorputza lasaitu egiten da, ez dago tentsio berberarekin, eta nik hori nabaritu nuen, ez nuela presio hori sentitzen, ez beste partida batzuetan bezala. Horrek kalte egin zidan. Hasieratik ez nengoen eroso, eurek abantaila handia hartu zuten eta partida maldan gora jarri zitzaigun. Baina orain hura ahaztu eta beste partida bat dugu aurrean, finala, eta ilusioz gainezka gaude, topera entrenatzen. Partida gogorra izango dela uste dut eta ea irabaztea lortzen dugun.
Halako finalerdietan, hainbat gauza jokoan daudenean, partidak aldi berean jokatu beharko liratekeela uste duzu?
Nik uste hobe litzatekeela, baina hori ez dugu guk erabakitzen, ez dago gure esku.
Altunak eta biok txapelketa bikaina egin duzue. Hasieran lesiotik atera berri zeunden eta partida batzuetan kili-kolo ibili zineten, baina berehala gorantz egin zenuten. Txapelketa honetan doktoratu zarela dio katedrak.
(Kar, Kar…) Joan zen urtea nahiko txarra izan zen niretako. Eskua ez nuen beste urte batzuetan bezala, eta gaizki pasa nuen. Eskua berreskuratzen nuen, baina hurrengo partidan berriro ere pilota eskuan sartzen zitzaidan eta horrela ibili nintzen. Asko sufritu nuen. Binakakoa hasterakoan eskua nahiko ongi nuen, baina jokoz oraindik ez nengoen ongi. Hainbeste denbora gaizki egon nintzenez, sasoia hartzea kosta egin zitzaidan. Entrenatzen oso gustura nenbilen, baina lehenengo partidetan kosta egin zitzaidan. Baina Jokinek asko lagundu dit. Harreman oso ona dugu, asko hitz egiten dugu eta bigarren itzulirako jada konfiantza handia lortu genuen. Hori partidetan ikusi zen. Partida oso onak egitea lortu genuen, konfiantzarekin aritzea, eta hori nabaritu da.
"Binakako Txapelketan oso garrantzitsua da zure bikotearekin erlazio ona izatea, eta guk hori aspalditik dugu"
Zuen konplizitatea agerikoa da.
Bai, Binakako Txapelketan oso garrantzitsua da zure bikotearekin erlazio ona izatea, eta guk hori aspalditik dugu. Banaka jokatzen duzunean badakizu bakarrik zaudela, baina Binakakoan bikotea kontuan hartu behar duzu. Altunak eta biok oso ongi ulertzen dugu elkar, eta bikote batek txapelketa ona egiteko hori oso garrantzitsua da.
Igandekoa Binakako zure bigarren finala izango da, 2020an Binakako finala irabazi baitzenuen Ezkurdiarekin. Urte bat lehenago, 2019an, Altunarekin osatu zenuen bikoa eta finalerdietan erori zineten. Altunarendako Binakako bere lehen finala izango da igandekoa. 2019ko arantza kendu nahi al duzue?
Igandeko finala jokatzeko ikaragarrizko gogoekin gaude. Finalak beti momentu bereziak dira. Nik zortea izan dut bat jokatzeko aukera izan dudalako, baina Ezkurdiarekin batera Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontra jokatu genuen final horretan ez zegoen publikorik eta alde horretatik aurtengoa oso desberdina da. 2020an txapela irabaztearekin sekulako poza hartu nuen, ikaragarria izan zen, baina aurten, publikoarekin, desberdina izango da, lagunak, herritarrak eta familia Bilbon egongo direlako animatzen. Ikusleekin banago urduritasuna ere nabarituko dela, baina ahalik eta lasaien ateratzen saiatuko naiz eta ea irabaztea lortzen dugun.
"Lehen minututik topera hasi beharko dugula argi dut; ilusioz gainezka gaude"
Aurtengo Binakakoan hirutan jokatu duzue Lasoren eta Imazen kontra. Ligaxkako bi partidak irabazi zenizkieten eta finalerdietakoa galdu. Arerio oso latzak dira, nola planteatuko duzue igandeko finala?
Finala partida garrantzitsuena da. Badakigu partida oso zaila dugula aurretik, eta irabazi nahi badugu oso ondo jokatu beharra dugula. Laso eta Imaz oso indartsu daude, eta nire kasuan hasieratik topera hasi beharko naiz, Lasok aurrean pilota harrapatzen duenean denak bukatzen baititu. Beraz, topera hasi beharko gara, oso zentratuta. Hasiera oso garrantzitsua izango dela uste dut. Laso sekulako txapelketa jokatzen ari dela argi dago; denboraldi luzea darama ongi jokatzen. Eta baita Imaz ere. Konfiantzarekin daude, eta finalerdian lortu zuten garaipenak ere konfiantza gehiago emango zien. Baina horrek ez du gugan eraginik izan behar. Oso gustura ari gara entrenatzen, eta ilusioz gainezka joango gara.
Baita etxeberriarrak ere. Bi autobus abiatuko dira Bilbora zu animatzera. Izugarri estimatzen zaituzte: oso jatorra zarela, Unibertsitatean ingeniaritza mekanikoa ikasten ari zarela, pianoa jotzen duzula... Nola moldatzen zara guztia aurrera ateratzeko?
Beti nago zerbait egiten. Aisialdirako tarte gutxi dut, eta nahiago dut horrela. Eta bai, Etxeberrin ere oso pozik daude. Halako herri txikiko pilotari batek final bat jokatzea ikaragarria da eurendako. Gainera, aurten finala ikustera joan ahal dira, eta oso pozik daude, ilusioa dute. Oso gogotsu joango dira Bilbora.
Irabazi ala galdu, ospatuko duzue, ezta? Egunero ez baita final bat jokatzen.
Hala da. Irabazi ala galdu, afariren bat edo ospakizunen bat egingo dugu.
Zorte on! Ea zure bigarren txapela Sakanara ekartzerik duzun!
Eskerrik asko!