Pilota

Zapore berezia duen txapela

Maider Betelu Ganboa 2022ko api. 3a, 19:49

Julen Martijak eta Jokin Altunak merezimendu osoz lortu dute garaipena, partida izugarri gogorrean Lasoren eta Imazen kontra 22 eta 20 gailenduta. Martijak mina hartu du, baina kantxara itzuli eta txapela janzteko gai izan da

Aurreikusitakoa baino final estu eta gogorragoa izan da gaur Miribillan jokatutako Binakako Txapelketako finala. Takadaka jokatu da partida, baina oso alde txikiarekin. Laso eta Imaz 17 eta 11 aurreratu arte. Txapela oso gertu zuten urdinek, eta askok txapeldun ikusten zituzten, baina Jokin Altuna ez da inoiz gutxietsi behar. Ezta Martija ere. Etxeberrikoak izugarri jokatu du, bota dioten ia guztia erantzun du eta lehen txanpan laguntza izugarria eman dio Altunari. Baina Altunak behetik gora egin du, 17 eta 11 galtzen zeudenetik aurrera, bereziki.

Horrela, euren merituz eta urdinen akatsei esker –tarte horretan bai Lasok eta baita Imazek ere huts nabarmenak egin dituzte–17ra berdintzea eta 20 eta 17 aurreratzea lortu dute Altunak eta Martijak. Une horretan bertan, 20. tanto erabakigarri horretan Martijak min hartu du –bi bikiak igo zaizkio eta ez zitzaizkion jaisten– baina Txema Urrutia medikuaren masajeari esker kantxara itzuli eta garaipena lortzeko gai izan dira gorriak. Azkenean, 22 eta 20 irabazi dute. Lau pilotariek neka barratuta bukatu dute, Martijak eta Lasok bereziki, ezin ibili.

Ez dago esaterik sekulako giroa izan dela Miribillan. Gutxitan ikusten dena. Aipatzekoa da bigarren zatian, tarteka Altunari txistu egin diotela sakeak egiterakoan. Hori ez da egokia ez polita, eta esan beharra dago. Nolanahi ere, guztiaren gainetik zaletasuna sortzen duen partida horietako bat izan da, handia. Itzela, 822 pilotakada jo direlako ia bi ordu iraun dituen partidan eta txapela Sakanara ekarri duelako. Bigarren txapela lortu du Martijak, izugarri gozatuko duena. Baina ezingo du dantza egiten ospatu, ezin ibili geratu delako, maiki. Laso bezala. Jokatutako finalaren gogortasuna erakusten du horrek. Zorionak Altuna eta Martija, txapelarengatik, eta baita Laso eta Imaz, txapeldunorde handiak direlako.