Pilota

Izarrak ikusi eta ukitu zituzten

Maider Betelu Ganboa 2022ko api. 11a, 12:30
Sufrikario latzaren ondoren Julen Martijak eta Jokin Altunak merezitako saria jaso zuten. ASPE_PELOTA

Julen Martijak eta Jokin Altunak zapore ezin hobea duen txapela jantzi zuten igandean Bilbon jokatutako final epikoan. Kontrako 11 eta 17ari buelta eman zioten, oinazeak gaindituz eta ariketa mental ikaragarria eginez

Bilbok garai bateko final handien giroa berreskuratu zuen igandean, eta Altuna-Martijaren eta Laso-Imazen arteko finalak esperotako aurreikuspen guztiak gainditu zituzten, final estu, gogor, hunkigarri, luze eta epikoa izan baitzen, Miribillan bildutako pilotazale guztien gozamenerako. Zaletasuna sortzen duen partida izan zen, tentsio handikoa eta bihotzekoa emateko modukoa. 22 eta 20 irabazita, Martijak binakako bigarren txapela jantzi zuen –aurrekoa 2020an lortu zuen Ezkurdiarekin–, eta Altunak hiru modalitateen trilogia osatzeko falta zitzaion txapela lortu zuen, binakakoa. 26 urterekin sei txapela ditu amezketarrak eta pilotari handien historian sartu da. 

Festa ospakizunen biharamunak eta partidaren gogortasunaren ajeak batuta, astelehenean ezin ibili zeudela bildu ziren Martija eta Altuna Etxeberrin. Altunak koadrizepsean gainkarga zuela azaldu zuen. Martija maki zegoela zirudien, bikiak oraindik oso kargatuta zituelako, baina lortutako txapelak oinaze guztiak sendatzen dizkiola nabarmendu zuen. Etxarrengo jatetxean ospatu zuen txapela lortu izana, senitartekoekin, kuadrillarekin eta herritarrekin, giro bikainean. “70 kide inguru bildu ginen, gustura afaldu genuen eta eta parranda luzatu zitzaigun. Gustura ibili ginen” nabarmendu zuen, irribarrez. Altunak Amezketako frontoian ospatu zuen txapela, senitarteko eta ezagunekin. 250 lagun guztira. “Parranda ederra egin genuen eta frontoian hainbeste jende ikusteak niri poz handia eman zidan”. 

Julen Martija: "Bi txapela izatea ez nuen inoiz esperoko. Sekulakoa izan da"

ANALISIA
Martija, sostengu
Parekotasuna eta gogortasuna izan ziren finalaren ezaugarri nagusiak. Takadaka jokatu zen partida, hasieran oso alde txikiarekin. Materialak bereziko garrantzia izan zuen, pilota aldaketarekin etortzen baitziren boladak. Lehen zatian Altuna ez zen eroso ibili; amezketarra kateatuta zegoen, ezin askatu. “Niretako hau final oso garrantzitsua zen. Zazpi urte behar izan ditut binakako finalera iristeko eta Julenekin batera binakako txapela irabazi nahi nuen. Askotan irabazi nahi horrek lotu egiten zaitu eta nik uste eragina izan zuela, hasieran ez bainuen nire mailarik onena eman. Zalantzekin jokatu nuen, estatiko, zurrun. Jokinek esaten zidan jokoan sartu beharra nuela, baina ez nengoen eroso” aitortu zuen amezketarrak. Lehen zati horretan Martijak eutsi zion bikoteari, defentsa lan ikaragarria eginez, eta Altunak meritua Martijari eman zion. “Berari esker irabazi dugu” zioen. Etxeberrikoaren korrikaldiak ikustekoak izan ziren: bederatzitik frontisera, eta berriro atzera. Etengabe. 

Aldiz, tarte horretan Laso eta Imaz sendo zeuden. Lasok tanto ikusgarriak egin zituen –partidako jokalari onenaren saria jaso zuen, merezitakoa–, Imazen babesarekin. 11 eta 17 aurreratu ziren. Euren urrezko unea izan zen, bikain aritu baitziren, euren zaleen eromenerako. Txapela oso gertu zuten, eta askok txapeldun ikusten zituzten. Eurak ere sinetsita zeuden. Baina Jokin Altuna ez da inoiz gutxietsi behar. Ezta Martija ere. Etxeberrikoak bota zioten ia guztia erantzun zuen eta bikotea sostengatu zuen ordura arte, eta, zorionez, une erabakigarri horretan behetik gora egin zuen Altunak. “Okerren geunden unean ibili naiz lasaiago” aitortu zuen. Materialak ere eragin handia izan zuen. “11 eta 17ra joan zirenean batere ibiltzen ez zen pilota batekin izan zen. Trapuak bezala geunden gu orduan, haien menpe. Erraz dominatzen gintuzten. Baina gure pilota hartu genuenean erosoago hasi nintzen jokatzen, nahiz eta pilotak zeharo gastatuta egon, eta partida berriro parekatu zen” nabarmendu zuen aurrelariak. 

Buelta eman
Une erabakigarri horretan Laso eta Imaz akatsak egiten hasi ziren, eta orduan finala irabazteko aukera zutela jabetu ziren Altuna eta Martija. “12. eta 13. tantoak egiterakoan finala irabazteko itxaropena piztu zitzaigun eta bukaerara arte dena eman behar genuela argi genuen” azaldu zuen Altunak. Iritzi berekoa zen Martija. “Partida gogorra izan zen, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Buruz oso indartsu egon ginen, uneoro partida irabazi ahal genuela pentsatzen eta elkarri animatzen. Horrek asko lagundu zigun, partida irabazteko gakoa izan zen” gaineratu zuen. Baita Lasoren eta Imazen akatsek ere. Partidak, nolabait, ihes egin zien Baikokoei. “Askotan aurretik zaudenean eta ikusten duzunean arerioa badatorrela, ez da egoera erraza, eta final batean gehiago. Agian urduritzen zara eta akatsak etor daitezke. Jokin gusturago zegoen, ni neurrian, eta abantaila hartzea lortu genuen” nabarmendu zuen Martijak. “Ikusi genuenean beraiei ere kezka sartzen hasi zitzaiela, horrek indar handia eman zigun. 16tik 21era bitarteko tantoetan sentitu nintzen hobekien. Uste dut eurak ere partidatik pixka bat atera zirela eta gehiago oparitu zutela” gaineratu zuen Altunak. Aspekoak, aldiz, ez ziren partidatik atera, kontzentratuta jarraitu zuten eta erremontatzea lortu zuten, balentria handia. 

Jokin Altuna: "Txapelketa hau Julenekin irabazteko ilusioa nuen"

Izarrak ikustetik…
Altunak izan ezik, beste hiru pilotariek finalean medikuen laguntza behar izan zuten, partidaren gogortasunaren isla. Baina 20 eta 17an Martija erori zenean susto ederra hartu zuen Bizkaia pilotalekuak. “Bi bikiak igo zitzaizkidan eta ez zitzaizkidan jaisten. Oinazea ikaragarrizkoa zen. Bikiak nola edo ahala jaitsi, eta kantxara itzultzea, ahal zen moduan, hori zen buruan nuena. Txemaren masajearekin izarrak ikusi nituen, oinazea sekulakoa baitzen, baina kantxara ateratzea lortu nuen. Azken tantoak oso gogorrak egin zitzaizkidan, baina Jokinek lagundu zidan, garaipena lortu genuen, ez dakit oso ongi nola (kar, kar…), eta oso pozik. Fisikoki lehertuta bukatu nuen. Oraindik ere bikiak oso kargatuta dauzkat. Badirudi maki nagoela, baina masajeekin osatuko naiz” adierazi zuen Martijak. Altunarendako Martijak lortutako 20. tantoa berezia izan zen. “Juleni esan nion tanto horrengatik irabaziko genuela txapela. Seguru nengoen. Eta hala izan zen”. 

Bestalde, Altunak ere fisikoki ukituta bukatu zuela aitortu zuen, eta jokatu dituen final guztietatik igandekoa “psikologikoki gogorrena” izan zela azpimarratu zuen, “izugarrizko poza” sortu diona. Horregatik, Binakako txapelak “sekulako zaporea” duela nabarmendu zuen. “Txapelketa hau Julenekin irabazteko ilusioa nuen” zioen behin eta berriz.

… izarrak ukitzera
Argi geratu dena da Altunak eta Martijak tandem bikaina osatzen dutela. “Gustura jokatu dugu, eta harreman bikaina dugula agerikoa da. Une zailei aurre egiten ikasi dugu. Igandekoa egun oso berezia izan zen: zaleen animoak, giro bikaina, txapela… oroimenean betirako gordetzekoa. Txapelketa irabaztea ikaragarria izan da. Gainera nola irabazi dugun ikusita, are gehiago, sekulako partida izan delako, zaleendako bikaina. Horrek finalari beste balio bat eman dio, eta oso pozik nago. Bi txapela izatea ez nuen inoiz espero, baina egunero egiten ditudan entrenamendu gogorren sari bikaina dira. Orain lanean jarraituko dut, eta gehiago etortzen badira, ongi etorriak” azaldu zuen Martijak. Familia, lagunak eta neska laguna izan zituen gogoan Martijak, baina izeba bereziki, “une txar bat pasatzen ari delako. Guztia ongi joango da baina txapela berarendako da” nabarmendu zuen. Igandean zerua ukitu zuen Altunarekin batera, podiumaren gorenean, izar distiratsuen artean.  

Ongi errekuperatzea, hori da bi pilotarien nahia. Altunak Buruz Burukoari ekingo dio berehala –formatu berriarekin gogorregia izango dela uste du amezketarrak–, eta Martijak, osatu bezain pronto ohiko entrenamenduei ekin nahi die. "Egunero gogor entrenatzen dut, ohiko martxan, beti nire mailarik onenean egoteko" azaldu zuen etxeberriarrak. Ostiralean jaialdia zuen Irurtzunen, Victorrekin batera, profesional gisa debutatuko duen Aaron Arbizuren eta Ezkurdiaren kontra. Argi zuen gaizki egonez gero ez zela arituko, "kantxara ongi atera behar baita". Asteazkenean partida jokatzeko moduan ez dagoela adierazi zuen.

Bitartean, txapela lortu izanaz disfrutatuko du Etxeberrikoak, “txapelketa bat irabaztea oso zaila baita” dio bi txapela dituen 24 urteko atzelari arakildarrak. Berdin deritzo 26 urterekin sei txapela bildu dituen gipuzkoarrak. “Txapelketa batetik bestera goaz jarraian, eta lortutakoaz gozatzea ez da erraza. Lortutakoa denbora pasa ahala baloratuko dugu gehiago” zioen. Elkarrekin berriro jokatuko ote zuten galdetuta, oso argi zuten. “Urtero Binakakoa elkarrekin jokatzea segituan sinatuko genuke” erantzun zuten biek. Tandemak jarraipena izango al du? Nork daki.