Maria Chivite Navascues buru duen Nafarroako Gobernu berriak 13 kontseilari ditu, eta bere egitura zehaztu du dagoeneko. Ruben Goñi Urroz etxeberriarra Landa Garapeneko zuzendari nagusia da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Aurreko legegintzaldia bezala, Goñi Jose Mª Aierdi Fernandez de Barrena kontseilariaren lantaldeko kide da.
Aurreko legegintzaldian Goñi Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusi izan zen, eta Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hiriko Administrazio Kontseiluko kide ere izan zen. Foru administrazioan estreinakoz 2015etik 2019ra lan egin zuen etxeberriarrak: Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren zuzendari-kudeatzaile lanetan aritu zen. Bere karguaren arabera, Miguel Indurain Fundazioaren nagusi eta Batzorde Betearazlearen lehendakaria eta NICDO (Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisiako Azpiegitura) enpresa publikoaren Administrazio Kontseiluaren batzordekide izan zen.
2011 eta 2015. urteen bitartean, Arakilgo alkatea izan zen Goñi. Aurretik, 2003 eta 2011 urteen artean, Etxeberriko Kontzejuko presidentea izan zen, Arakilgo zinegotzia eta Sakanako Mankomunitatearen Kirol Batzordearen presidentea. Gainera, 2007 eta 2005 urteen bitartean, Araitz, Areso, Betelu, Larraun eta Lekunberriko Kirol Mankomunitatean kirol teknikaria izan zen. 2013an, kirol-gunearen kudeaketaz arduratzen den Plazaola Kirolgunea enpresa publikoaren gerentzia hartu zuen.
Heziketa Fisiko eta Kirol Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (2005) eta 2006an Gaitasun-agiri Pedagogikoa (CAP) unibertsitate berberean eskuratu zuen. 2008an Mondragon Unibertsitatearen Kirol Entitateen Kudeaketan aditu ikastaroa burutu zuen eta 2011ean Kirol Kudeaketa masterra Euskal Herriko Unibertsitatean.