Pilota

Larrazabalek eta Imazek sorpresa handia eman zuten Adarragan

Guaixe 2023ko ira. 21a, 10:13

Txapelketan aurrera egiteko, Altunak eta Martijak Zabalari eta Zabaletari gainditu beharko diete.

Sanmateotako Binakako Torneoko hasierako ligaxkako jardunaldian, 18 eta 22 irabazi zieten Altuna eta Martija faboritoei

Irailaren 20an, asteazkena, Sanmatetotako Binakako Torneoko hasierako ligaxkako laugarren jardunaldia jokatu zen Adarraga pilotalekuan. Joan zen urteko txapeldunek, Altunak eta Martijak, txapela defendatzen zuten eta beraiek ziren Larrazabalen eta Imazen kontrako partidan faborito argiak. Baina tarteka arrain txikiak handia jaten du eta hori gertatu zen Logroñon, Larrazabalek eta Imazek oso partida estu eta gogorrean 18 eta 22 irabazi baitzieten Altunari eta Martijari. 

Irailaren 22koa, hil ala bizikoa
Sanmateotako Binakako Torneoko hasierako ligaxka irailaren 22an, ostirala, itxiko da, Altuna-Martija eta Zabala-Zabaletaren arteko partidarekin. Zabalak eta Zabaletak puntu bat dute eta Altunak eta Martijak, aldiz, ezta bat ere. Hortaz, bizirik jarraitu nahi badute irabaztera behartuta daude. Errioxarrek jaialdi ederra dute aurretik.