Navarra Capitalek eta Nafarroako Nekazaritza Elikagaien Klusterrak (Nagrifood) antolatutako VIII. Alimenta Navarra sariak Tuteran banatu ziren atzo. Bost sari banatu ziren, haietako bat jasangarritasunarena, Lacturalek eskuratu zuena. Sariketako epaimahaiak adierazi zuenez, "biogas planta bat martxan jartzea" goraipatu zuen, "Etxeberriko Lacturale abeltegian elektrizitatea modu iraunkorrean sortzeko aukera emango duena". Instalazio hori "Europan hiru energia garbi hibridatzen dituen bakarra" izango da. Izan ere, aipatutako biogasaz aparte, eguzki plakak eta geotermia ditu.
Juanma Garrok Lacturaleko presidenteak, jaso zuen saria. Garrok esan zuenez, "enpresek, sortzen dutenagatik ez ezik, suntsitzeari uko egiten diotenagatik ere aitortu behar dute beren burua. Gure negozioa jasangarriagoa izatea nahi genuen, eta errentagarritasuna berdin zitzaigun. Egin ditzagun gauzak etorkizuneko belaunaldiengan pentsatuz, nahiz eta jakin esker oneko hitzak ez ditugula inoiz entzungo", adierazi zuen.