Binakako Txapelketak astero emozioa ekarri du eta joan zen asteburukoa ez zen gutxiagorako izan. Batetik, Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak finalerdietako bigarren garaipena lortu zuten Labriten, Artolaren eta Imazen abantaila irauli eta 17-22 irabazita. Finalerdietako orain arteko bi partidak irabazita, martxoaren 31ko Iruñea Arenako final handian dira, Jokin Altunak eta Julen Martijak Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena 13-22 irabazi eta gero. Asteburu honek ere emozio handia dakar, martxoaren 17an, igandea, Eibarren Altuna-Martijaren eta Artola-Imazen partidak erabakiko baitu beste finalista nor den. Astelenako sarrerak agortuta daude.
Bilboko Bizkaia pilotalekuan Jakaren eta Mariezkurrenaren kontra jokatu zenuten partida arraroa izan zen hasieratik. Bi bikoak lehen jardunaldia galtzetik etortzen zineten, puntua lortzeko larritasunarekin, eta frontoiko giroa ere isila eta nahiko hotza zen, bezperan Labriten ez bezala.
Aldea nabaritzen da. Labriten jendeak beti asko animatzen du eta beste giro bat dago, baina egia da igandean Bilbon jendea nahiko isilik zegoela eta giroa lasaia zela. Hori jokatzeko ez da txarra. Dena den, tanto bukaeretan jendeak animatzen zuen. Dena den, giro lasaia zegoen baina gero jendeak animatzen zuen. Ez nuke esango giro txarra zela.
Hotza baino, sekulako tentsioa nabaritzen zen. Baikokoek hasieran egindako akatsei esker, konturatu gabe aldea atera zenuten. Zuri ere hasieran ez zitzaizun oso eroso ikusten.
Halako partidetan tentsioa handia da, eta oso garrantzitsua da hasieratik markagailuan aurreratzea, aldea ateratzea. Ni normalean ez naiz urduri jartzen, baina beroketan nabaritu nuen tentsionatuta nengoela. Hasieran ez nuen gozatzen, eta partidan sartzea kosta egin zitzaidan, baina aldea atera genuenean, konfiantza hartu nuen. Jokin sekulako partida egiten ari zela ikusita, horrek ere konfiantza eman zidan, eta bigarren zatian gustura jokatu eta disfrutatu nuen.
Mariezkurrenari pilota eskuan sartzeak eta mina hartzeak ere partidan eragina izan zuen. Nolakoak diren gauzak, Binakako ligaxkako bikoterik indartsuena, finaletik kanpo geratu da, sarritan gertatu izan den bezala.
Hori askotan gertatzen da. Azken finean jokoan ez zaude beti berdin; batzuetan kostatu egiten zaizu, eta beste batzuetan hobeki zaude. Zaila da beti %100ean egotea. Finalerdietara hobeki iristen den bikotea, nabaritu egiten da. Uste dut gu orain bikote gisa ongi gaudela, finalerdiak momentu onean harrapatu gaitu. Aldiz, eurek lehen partida galdu zuten eta bigarrenean Jonek eskuan mina hartu zuen. Batzuetan halakoak gertatzen dira. Guk gurea ongi egin genuen, gure jokoarekin pozik gaude, eta horrekin geratzen gara. Dagoeneko Astelenako partidaren bila gaude.
Txapelketa gorabeheratsua izan da zuendako. Hasieran Jokin sorbaldako minaz osatzen aritu zen eta Elezkanok ordezkatu zuen; Jokin itzuli zen, baina eskuan mina hartu eta Zabalak ordezkatu zuen; finalerdietan berriro elkarrekin hasi zarete.
Oso gorabeheratsua izan da. Txapelketa hasieran konfiantzaz justu samar nengoen, eta kosta zitzaigun. Pixkanaka hobeki sentitu nintzen, eta behetik gora egin nuen. Zabalarekin hiru partida jokatu nituen, gustura. Zabala bere unerik onenean dago, eta asko jokatu zuen. Orain, Altuna ongi dago eta biok zentratuta gaude, konfiantzarekin.
Martxoaren 17an Artolaren eta Imazen kontra jokatuko duzuen partidak erabakiko du zuetako nor sailkatzen den finalerako. Beraiek galtzetik datoz, eta zuek irabaztetik. Eragina izango al du?
Horrek ez du ezer esan nahi. Bi bikoteak berdin gaude, finala jokatzetik partida batera. Eurak dena ematera aterako dira, hori argi dut, eta bikote oso-oso gogorra da. Biak ongi daude, Iñaki Artola bereziki; esango nuke bere unerik onenean dagoela. Abiadura handia ematen dio pilotari, atzelariari asko kentzen dio, eta atzera ere asko ematen du. Beraz, kontrako atzelariarendako ez da batere erraza. Pilota hartzen badu, berehala bukatzen du tantoa. Partida oso zaila dugu aurretik, badakigu, baina konfiantzarekin gaude. Ea partida ona egin eta hasieratik alde pixka bat lortzen dugun. Esan dudan bezala, oso garrantzitsua da hasiera. Ikusiko dugu.
Altunak esan zuen Astelenan ia etxean bezala jokatzen duela. Zuk ere hala sentitzen duzu?
Eibarren askotan jokatzen dugu, Astelena Aspeko frontoia delako. Frontoi ona da. Sarrera guztiak salduta daudenez, giro ederra egongo da. Gustura jokatzen dugu bertan, eta partida ona espero dugu.
Binakako bi txapela dituzu, azkena Altunarekin lortutakoa, 2022an. Txapelketa aurkeztu zutenetik faboritoen artean zeundeten, eta nahiz eta Artola eta Imaz txapelketako sorpresetako bat izan, zuek jotzen zaituzte faborito.
Nik faboritoen kontu horri ez diot garrantzirik ematen. Pentsa, txapelketa guretako ere oso gorabeheratsua izan da. Partida bakoitza mundu bat da, eta edozer gerta daiteke. Bukaera arte borrokatuko dugu, hori argi dugu.
Zeinen polita litzateke Iruñeko finalerako sailkatzea eta Zabaleta-Etxeberriaren kontra jokatzea.
Finalean hiru nafar egotea oso pozgarria litzateke. Partida batera gaude, gertu, baina aldi berean, urrun. Ea lortzen dugun.