San Fermin Binakako Torneoa aurrera doa. Bart, uztailak 9, Altuna eta Martija sartu ziren lehian. Uztailaren 7an Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren kontra galtzetik zetozen Jaka eta Albisu izan zituzten aurkari. Mukuru beteta eta kantari zegoen Labriten, apustuak Altunaren eta Martijaren alde atera ziren, alde handiz, faborito argiak baitziren. Baina sorpresa handia hartu zuen bat baino gehiagok, jokoan zegoen puntua Jakak eta Albisuk lortu zutelako.
Berdintasuna. Hori izan zen partidaren ezaugarri nabarmenena. Altuna eta Martija aurreratu ziren, baina berehala parean jarri ziren Jakak eta Albisu. Erritmo handiko partida izan zen, eta bi bikoak parez pare aritu ziren. Partida erdian 12-10 zeuden aurreratuta Jaka eta Albisu. Atzelariek ziur jokatu zuten, serio, eta aurrelariak fin ibili ziren errematean eta piloteoan, akats gehiegi egin gabe. Bigarren atsedenaldian 18-16 markatzen zuen markagailuan, oraindik guztia erabakitzeko zegoela. Hemeretziko eta hogeiko berdinketen ondoren, bi tanto borrokatuetan Jakak arriskatu zuen eta bi gantxorekin lortu zuen garaipena Baikoko bikoak, 22-20, torneoko lehen puntua lortuaz.
Hala ere, nahiz eta garaipena lortu, Jakak eta Albisuk ez dute finalerako sailkatzeko aukerarik, Uztailaren 11n, osteguna, Altuna-Martijak Peio Etxeberria-Zabaletaren kontra jokatuko dute, eta orduan jakingo da zein bikote sailkatzen den final handirako.