Jokin Altuna eta Julen Martija dira San Fermin Torneoko txapeldunak, Peña II.aren eta Mariezkurrenaren kontra jokatutako final gogor, borrokatu, eta estuan 22-19 gailendu eta gero. Finalak polemika izan zuen, partida 21-19 zihoanean epaileak atxikia adierazi ziolako Jon Mariezkurrenak egindako boleari. Berriozarko atzelaria biziki haserretu zen, eta txistuekin eta giro nahasiarekin bukatu zen ordura arte ikusgarria izan zen finala, 22-19.
Final handia izan zen. Guztira 667 pilotakada jo ziren partidak iraun zuen 77:51 minutuetan. Emozioz betetako partida izan zen, lau pilotariak ikusgarri aritu zirelako eta partidan berdinketa nagusitu zelako. Mariezkurrena ikusgarri aritu zen eta min handia egin zuen eskuinarekin. Martijak, nolanahi ere, ongi eutsi zion eta ziurtasunez aritu zen. Une batean Martijak behera egin zuen, baina Peñak eta Mariezkurrenak ez zuten tarte handia ateratzeko aukerarik izan eta 11-10etik aurrera bi bikoen berdintasuna izan zen nagusi. 18-19 aurreratzea lortu zuten Baikokoek, baina Aspekoek atzera kargatu zuten eta 21-19 aurreratu ziren. Jokinek ezkerrez atzera jotako pilotakada airez erantzun zuen Mariezkurrenak, eta lau pilotariek jokoan jarraitu zuten minutu batez, epaileak seinaleztatutako atxikiaz konturatu gabe. Albistearen berri izaterakoan, haserre bizian jarri zen Mariezkurrena, eta kantxa utzi zuen. Tamalez, bukaera gazia izan zuen final handia izaten ari zena.
Altunak eta Martijak euren bigarren San Fermin Torneoa irabaztea lortu zuten. Horretaz gain, Altunak torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen, eta aipatutakoei Sanferminetako lau eta erdia gehitu behar zaio. Sari ederra amezketarrarendako.
Urzante Olioaren Desafioa, Baikorendako
Uztailaren 13an, larunbata, Urzante Olioaren Desafioa jokatu zen Labriten. Lau eta erdian Salaberriari 14-18 irabazi zion Jakak. Binakakoan, Ezkurdia eta Zabaleta Lasoren eta Albisuren kontra 16-12 aurreratuta zeudenean, Zabaletak partida utzi behar izan zuen, bikietako batean giharretako mina nabaritu eta gero. Eta, buruz buruko finalean, Egiguren V.ari 14-18 irabazi zion Joanes Bakaikoa etxarriarrak. Hortaz, Urzante etxeko 1.200 olio litroak Baikorendako izango dira aurten.