Maite Azpiroz

"Modu jasangarriagoan egin nahi genuen"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mar. 25a, 11:00

Eraikin borobila da biogas planta. UTZITAKOA

Behien hondakinekin biogasa sortu eta bere burua elektrizitatez hornitzen ari da Etxeberriko behitegia, Maite Azpiroz Razkin Lacturaleko marketin arduradunak azaldu duen bezala.

Aurretik zituzten bi energia berriztagarriei beste bat gehitu diote Lacturaleren behitegian.

Biogas planta noiztik duzue martxan? 
Lacturalen beti ari gara lanean gure kontsumitzaileek gure elikagaiekin "irabaz" dezaten. Horregatik gure produktuak oraindik modu jasangarriagoan egiteko asmoa geneukan. Biogasaren proiektua 2024ko apirilean hasi zen probatzen, eta laister egonen da %100ean.

Zer azpiegitura duzue horretarako?
Biogasa sortzeko digestore bat behar da, hau da, behien hondakin guztiak sartzen diren lapiko erraldoi bezalako bat. Bertan, temperatura bero eta oxigeno gabeko baldintzetan, 20 eta 30 egun artean hondakinaren materia organikoa deskonposatu eta biogasa edo gas berdea sortzen da, gehiena metanoa dena. Gas hori elektrizitate sorgailua duen motor baten erregai gisa erabiltzen da. Gure filosofiari leial, bertako ingeniaritza enpresa batek egin digu dena, Etxeholzek.

Etxeberriko behitegiko "erregaia" erabiltzen duzue bakarrik edo talde guztiko abeltegietakoa?
Soilik Etxeberriko behitegiko hondakina tratatzeko dago diseinatua, kanpotik beste ezer gehitu gabe. Dena ongi badoa, besteetan egitea baloratuko genuke, baina beti tokian tokiko hondakinak tratatzeko filosofiarekin, hondakinak garraitu beharrik gabe.

Egunero sartzen diozue?
Prozesu jarraitua da. Egunero egunean sortutako hondakin freskoa sartzen da alde batetik. Bestetik, egunak daramaten hondakinak ateratzen dira, metano guztia kenduta. Azken horiek ez dute ez kutsatzen ezta usaintzen.

Zenbat elektrizitate sortzen duzue?
160 kW orduko, egunean 24 orduz etenik gabe. Urtean ia 1.400.000 kW. Beste berriztagarriekin alderatura, teknologia horrek ez du eguzkiarekiko edo haizearekiko menpekotasunik.

Zertarako? 
Behitegiaren elektrizitate behar guztiak asetzen ditugu biogas plantarekin. Gainera, soberan dugun energia bulegoetarako eta jogurtak ontziratzeko fabrikarendako ere bada. Azkenik, Etxeberri herrira ere bideratzeko asmoa dugu.

Ur beroa sortzen duzue? 
Bai, aipatutako motorrak elektrizitatea eta ur beroa sortzen ditu aldi berean. Sortutako beroaren erdia digestorea berotzeko erabiltzen da. Beroaren beste erdia etxaldean nola probestu dezakegun aztertzen ari gara orain. Ez dugu energia horrekin aparteko negozio bat egin nahi, nahi duguna da ekoizten ditugun elikagaiak geroz eta jasangarriagoak izatea. Noski kalitatea eta bertakoa izatea bermatuta dago Lacturalek, Nafarroako Ekoizpen Integratuko esnearen ziurtagiria baitugu.

Biogas plantak hondakinik sortzen du? 
Biogas plantatik digestato izeneko materiala ateratzen da. Pixa eta kakarekin alderatuta, digestatoak ez du usain txarrik eta ez du atmosferara metanorik isurtzen, abantaila handia da bai langile eta bai bizilagunendako. Digestatoa ongarri natural gisa erabiltzen dugu gure larreetan belarra eta artoa ereiteko, beraz, zero dira sortutako hondakinak. Horrela zikloa ixten dugu, behiek jaten duten belarra beraien hondakinekin ekoiztuko dugu eta, gainera, horiekin ere energia berriztagarria sortu dugu.

Energia autokontsumorako beste instalaziorik baduzue?
Bai, orain dela 20 urte geotermia dugu bulegoetako berogailu eta haize egokiturako. Eguzki plakak 2020an jarri genituen. Europan hiru energia berriztagarriekin lan egiten duen lehenengo behitegia gara, Lacturalen beti ere aitzindariak izan gara: Ekoizpen Integratuan, jezte robotetan eta orain energia berriztagarrien erabileran.