Lacturalek saria jaso du

Guaixe 2025eko ekainaren 25a

Saritutako enpresetako ordezkariak. UTZITAKOA

Nafarroako Enpresa Txiki eta Ertain jasangarrienaren aitortza eskuratu zuen.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberak urteko Enpresa Txiki eta Ertaina (ETE) aukeratzen du urtero. Aurten aitortza hori Industrias San Isidro enpresak eskuratu du. Sari horrekin batera lau accesit banatu zituen Ganberak. Haietako bat, ETE jasangarriarena, SAT Lacturalek eskuratu zuen. 

Epaimahaiaren arabera Lacturale "Nafarroako abeltzainen proiektu bat da, beren baserrietan ekoizten duten esnea merkaturatzea helburu duena, kontsumitzaileari kalitate handiagoko esne bat eskaini ahal izateko, ekoizpen-sistema alternatibo, iraunkor eta berritzaile batekin; ekoizpen integratua". Gaineratu duenez, "iraunkortasuna zutabe bat da enpresa horretan. Eraginkortasun energetikoa indartu dute LED sistemen bidez beren etxaldeetan, ontzi jasangarriagoak baitira (briken kasuan, %89 landare-jatorriko materialarekin eginak daude, karbono-aztarna %43 murriztuz aurreko ontzi estandarrarekin alderatuta), eta, gainera, eguzki-plakak eta biogaseko planta bat instalatu dituzte zenbait etxaldetan; horrela, eraginkorragoak izateaz gain, energia berriztagarria sortzen dute".

Saritu guztiak, bakoitza bere kategorian, estatuko sariketan parte hartuko dute. Hura heldu den urteko lehen hiru hilabetekoan ebatziko da.