Irailaren 5ean piztu zuten Etxeberriko festak iragarriko dituen suziria, eta astelehenera arte festa izanen da nagusi Arakilgo herrian. Herri txikia izanda ere "oso giro polita" egoten dela esan du Alondra Amoztegi etxeberriarrak: "Herriko jendea normalean asko inplikatzen da". Gauzarik "bereziena eta nabarmenena" egunero egiten dute, 19:30ean: Korri harrapatzen zaitudala. "Detaile asko eman ezin ditugun arren, sekulako arrakasta izaten du. Inguruko herrietako jendea ere hurbiltzen da ikustera, eta ausartenak direnak ere korrika egiten dute". Sekretura argitzera "gonbidatu" ditu sakandarrak. Egitarauan badago beste bitxikeria bat: goizaldean, festa eguna aulkien jolasarekin amaitzen dute.
Amoztegik azaldu duenez, festetako egitaraua zehazteko urtean zehar hainbat bilera egiten dituzte, eta festak hurbiltzen joaten diren heinean, auzolanean prestatzen dute dena: "Herria txukundu, txozna prestatu eta abar. Herritarren artean ere lanak banatu egiten ditugu festetan zehar dena ongi joan dadin".
"Normalean" festetan antolatzen dituzte ekitaldiak urtero "oso antzekoak" izaten direla esan du etxeberriarrak. "Aldaketa nagusienak egun bakoitzeko musika zehaztea eta bazkari eta afarietarako katerina aurkitzea izaten dira"; aurten gai honekin "zailtasun asko" izan dituzte, "baina azkenean esfortzu askorekin janaz disfrutatzea espero dugu". Gaur, festak hasiberritan herri paella jatea izanen dute, gauean herri afaria, eta igandean eta astelehenean herri bazkariak eginen dituzte. Musikari dagokionez, ostiralean DJ Oixani izanen zen (20:00etan eta 00:00etan); larunbatean, Modestorekin dantzaldia (20:00etan eta 23:30ean) eta, igandean, Xaloki taldearen kontzertua izanen zen (17:00etan).
Aulkien jolasa
Ostiralean eta larunbatean, 04:00etan eta 04:30ean gutxi gora behera, festa egunarekin amaitzeko aulkien jolasean ariko dira Etxeberrin. "Zehazki nola hasi ginen ez dakit, baina oroitzen dut aulkien jolasa baino lehen erregalizaren jokoa egiten genuela". Bikoteka jartzen ziren eta bakoitzak erregalizaren iskina bat eusten zuen ahoarekin, "bien artean jaten joaten ginen, Disneyko pelikularen moduan, eta gertuen geratzen zen bikoteak irabazten zuen". Jolas "pikaro eta arriskutsu samarra" zenez aulkien jolasarengatik aldatu zutela uste du Amoztegik.
Ekimenaren prozedura sinplea da: "Ordu txikitan, oraindik ere festan jarraitzen dugunek, aulki batzuk hartzen ditugu eta frontoiaren erdian kokatzen ditugu. Jolasean aritzen gara denak, heldu zein gazte, eta normalean zaila izaten da aulkirik ez apurtzea". Lehiakortasun handia egoten dela esan du. Izan ere, azken aulkiarekin gelditzea lortzen duenak saria irabazten du: "Gominola eta erregaliz batzuk ematen zaizkio".
Etxez etxe
Korri harrapatzen zaitudala eta goizaldeko aulkien jolasa ez ezik, Amoztegirendako festetako "politena" etxez etxeko erronda izaten da: "Larunbat goizean, 11:00etan, hastea zaila izaten den arren, lo gutxi eginda, baina martxa azkar hartzen dugu eta etxez etxe musikarekin batera alaituz joaten gara". Etxe bakoitzean jendeak janaria eta edaria prestatzen du, "eta egia da jendeak gero eta gauza konplexuagoak egiten dituela. Haien arteko lehia ezkutu bat dagoela ere pentsatzen dugu batzuetan". Etxez etxekoan "primeran" pasatzen dutela gaineratu du etxeberriarrak, "eta azkenaldian mozorratu eta dena egiten gara!".