Astekaria

Ane Martijaren 'Iraila', eta hasiera berriak

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urr. 16a, 12:20

Ane Martija eta Saioa Lara, dantzaria, 'Iraila' bideoklipean. UTZITAKOA

Ikasturte berriaren hasierarekin kanta eta bideoklip berria kaleratu ditu Etxeberriko abeslariak. "Datorrenaren" aurrerapena dira; pianoarekin sortzen hasi da, eta horrekin akustikoa alde batera utzi eta oinarri elektronikoagoa sortu du.

Iraila "betidanik" hasiera garaia dela sentitu izan du Ane Martija abeslariak. "Eskola garaian, irailean hasten ginen, eta magisteritza ikasi dudanez, udan jai-edo izaten dut, eta irailean beriz ere errutina horretara bueltatzea da". "Zalantzak edo beldurrak" sortzen zaizkiola aitortu du, eta sentimendu horiek abesti batean adierazi nahi izan ditu, irailaren 19an kaleratu zuen Iraila abestian, hain zuzen. Abestiarekin batera bideoklipa mustu zuen ere. 

"Ez nuen abesti tristea izatea nahi, nire burua nahiko baikorra ikusten dudalako"

"Ez nuen abesti tristea izatea nahi, nire burua nahiko baikortzat jotzen dut, eta beldur horiei aurre egiteko abesti baikorra idatzi nahi nuen. Azkenean, hori da Iraila". Abestia aurreko urteko irailean sortzen hasi zen, "aurrekoan pentsatzen eta, bai, aurreko urteko irailean idatzi nuen". Abestia hasiera berri bat dela esan daiteke, "datorrenaren aurrerapena".

Pianoa
Orain arte Martijak gitarrarekin konposatu ditu abestiak, "eta nirekin lanean egon den produktoreak, Leyre Arangurenek, komentatu zidan pianoarekin probatzeko, beste melodiak eta soinuak probatzen hasteko". Pianoa "izugarri maite" duela esan du abeslariak, eta jotzen hasi eta Iraila sortu zuen. "Kaleratu dugunaren guztiz kontrakoa zen; gauza da Leirek hartu zuela, buelta eman zion, eta nolabaiteko soinu elektroniko hori sortu zuen". "Izugarri" gustatu zitzaion doinu berri hori, "eta hortik tiratu behar genuela esan nion". Konfort zonaldetik atera da: "Gitarra nolabait zen arriskua ez hartzeko modu bat; babes moduko bat. Izan da pianoa hartu, eta orain abesti gehienak pianoarekin sortzen ditut". Gustua hartu dio. 

"Bideoaren dantzarekin eta bideoklipa berarekin zerbait adierazi nahi nuen" 

Abestiarekin batera bideoklipa kaleratu du Martijak, eta abestiaren bideoan ere bere ibilbidean ohikoa zenekotik pixka bat urrundu da: "Nik bideoklipak egiten nituen gitarrarekin edo Guztia soberan abestian pilotariekin egin nuen, baina honekin hartu nuen dantzarekin eta bideokliparekin zerbait adierazi nahi nuela". Dena dela, hasierako asmoa ez zen abeslariak hainbeste dantzatzea: "Bideoan agertzen den dantzaria ezagutzen nuen, Saioa Lara, nire laguna da, eta aurreko udan bere antzerki bat ikusteko aukera izan nuen; izugarri gustatu zitzaidan. Antzerki dantza bat zen, eta nik burua nuen Iraila-rako bideoklipa egitea, eta Saioaren antzerki hori etorri zitzaidan burura". Parte hartu nahi zuen galdetu zion, eta "segituan" baietz esan zion. "Hau ez daki orain arte inork, baina bideoklipean berez hiru izan behar ginen, eta azken momentuko gauza batengatik hirugarren horrek ezin izan zuen parte hartu, eta horregatik nik dantzatzen dut pentsatzen nuena baino gehiago".  

Iraila abestiarekin "datorrenaren" aurrerapena egin du Martijak: "Diska bat prestatu dut, baina oraindik ez dakit noiz aterako den. Gutxi gora behera data bat dago, baina poliki-poliki". Doinu eta disko berri horren abestiak "poliki" kaleratzen joango dela aurreratu du abeslariak. 

Zuzenekoak
Aurreko urtean kontzertu asko eman ondoren, uda honetan "gutxi" eman dituela esan du abeslarik: "Nahita egin nuen. Aurreko urtean eztarriarekin nahiko nekatuta bukatu nuen, arazoak izan nituen, eta erabaki nuen aurten lasaiago hartzea". Diskoa ere buruan zuenez, "horrekin lanean topera jartzeko" baliatu zuen ere. Kontzerturen bat eman du ere, "askutikoan". 

Doinu eta lan berriarekin, kontzertu kontzeptu berria egingo duen galdetuta, Martijak azaldu du buruan badaukala "zuzenekoetarako beste formatu bat", ez hain akustikoa dena. "Baina horiek izango dira behin diskoa kaleratuta prestatzekoak". Abeslariak egiten duen musika berriaren berri haren Instagram kontuaren bidez (@ane.martija) eta plataformen bidez jarrai daiteke.