Astekaria

'Bat-batean', abestia

Guaixe 2026ko otsailaren 19a

Ane Martija Aralar Irratian. MAILOPE.EUS

Ane Martijak abesti berria kaleratu zuen ilbeltzaren amaieran: 'Bat-batean'. Aberin estudioan grabatu du eta aurreko abestiaren soinuaren ardatzetik jarraitzen du; elektronikoagoa. Ezagututako pertsona bati buruz hitz egiten du.

Ilbeltzaren 30ean Ane Martija musikari etxeberriarrak Bat-batean abestia kaleratu zuen, eta egun berean ARALAR IRRATIAn aurkeztu zuen. Martijaren soinu berriaren ildotik doa abesti berria, "elektronikoagoa", eta motzean azalduta, parranda batean ezagutu zuen pertsona bati buruz hitz egiten du. 

"Istorio luzea da eta ez dut gehiegi sakonduko; parranda batean ezagutu nuen pertsona bati buruz hitz egin nuen lagun batekin oso interesgarria iruditu zitzaigulako". Bat-batean abestiak letra sakona dauka, Jon Urtasun irratiko esatariak aurkezpen elkarrizketan azaldu zuen bezala. 

Abestia duela urtebete idatzi zuen Martijak, "orduan, atera zitzaidan letra hori, eta hala izan zen". Izan ere, abesti baten prozesua luzea izan ohi da. Bat-batean abestia ere Aberin estudioetan grabatu du, "betidanik esan dut oso zorte ona izan dudala haiekin topo egin nuelako. Lehenengo kantatik, duela bost edo sei urte, produktoreren edo estudioren baten bila aritu nintzen; ez nekien ezer musikari buruz". Estudioarekin topo egin zuen; Iñaki Llarena eta Leire Aranguren dira estudioko produktoreak, "eta hasieratik oso ondo moldatu nintzen". Musika entzuten dute eta "gauzak gehitzen" dituzte, musikariak azaldu duenez: "Elkarlanean egiten dugu, eta niretako plazer izugarria da haiekin lan egitea". 

Soinua
"Nik beti estudiora kanta osorik eramaten dut. Gitarrarekin konposatzen dut, eta orain pianoarekin hasi naiz. Orduan, pianoarekin eta ahotsarekin abestia modu batekoa da, eta gero haiek proposatzen dizkidaten aldaketak eta bestelako soinuak". Aurreko kantarekin, Iraila, soinu aldaketa eman zen Martijaren ibilbidean, "Leireren pedrada bat izan zen, berak esaten duen bezala, soinu elektronikoagoak sartzen hasi zen eta pila bat gustatu zitzaigun". Gainontzeko abestiak hortik joatea nahi zuen. Izan ere, denetariko musika entzuten du, "musika izugarri maite dut eta entzuten dut", eta Tayor Swift edo Sabrina Carpenter bezalako musikariak ere entzuten ditu; "gitarra ere mantenduko dut, baina soinua pop estilo horretara bideratuta egongo da". 

Diseinuan ere aldaketa bat eman da, "ukitu profesionalagoa eman nahi izan diot". Aberin estudioko kideek Erresuma Batuan ezagutu zuten Stewart diseinatzaileak egin dizkio abestien eta sare sozialetarako diseinuak.