Binakako Pilota Txapelketako play-offetan ligaxkan hirugarren sailkatu ziren Zabalak eta Martijak ez zituzten bere egunik hoberenak izan eta bi aukeretan huts egin zuten. Play-offetako lehen partidan Altunak eta Ezkurdiak mendean hartu zituzten, zuzenean finalerdietara sailkatuz, baina Zabalak eta Martijak beste aukera bat izan zuten play-offetako bigarren jardunaldian garaipena lortu zuten Jakaren eta Iztuetaren kontra, baina hau ere ez zuten aprobetxatu eta, tamalez, Binakako Txapelketatik kanpo geratu dira.
Zabalak eta Martijak Jakaren eta Iztuetaren kontra Arrasaten jokatutako partida bizi-bizia izan zen. Hasieran paretsu ibili ziren bi bikoak, eta markagailuan alternantzia egon zen. Zabalak eta Martijak hasiera horretan asko behartu zituzten Jaka eta Iztueta, eta 5-7 jarri ziren aurretik. Baina hortik aurrera partida zeharo aldatu zen: Jakak aginte makila hartu eta partida lehertu zuen, eta hortxe bukatu zen urdinen partida. Ez da txantxetarako: gorriek 13 tanto egin zituzten jarraian eta markagailua irauli zuten, 20-9 aurretik jarrita. Erik Jaka izan zen protagonista nagusia: 16 tanto egin zituen partidan guztira, erremate ikusgarriak eta denetariko tantoak alderatuz. Gainera, defentsa lan bikaina egin zuten gorriek. Urdinak, aldiz, ezin buelta eman aritu ziren, eta, azkenean, 22-10 galdu eta Binakakotik kanpo geratu ziren.
“Binakakoa luze egin zaigu. Eskuak kargatzen joaten dira, partida oso luzeak jokatu ditugu eta gaur txispa falta izan zaigu” aitortu zuen Zabalak partida bukatu berri. Hala ere, egindako txapelketarekin kontentu zegoen errioxarra, “hirugarren bukatu dugulako, dugun guztia emanez. Horregatik, ezin da kexarik egon. Guztia eman dugu eta Martijarekin jokatzea plazera da”.
Finalerdiak martxan
Binakako finalerdiak asteburuan hasiko dira. Lau bikoek hiru jardunaldi jokatuko dituzte, guztiak guztien kontra. Lehen jardunaldian sakandarrak elkarren kontra ariko dira. Altuna III.ak eta Ezkurdiak Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari otsailaren 28an Donostiako Atano III.ean. Bestalde, Nafarroa Arenak Laso-Albisuren eta Jaka-Iztuetaren arteko partida hartuko du martxoaren 1ean.