Julen Martija pilotari etxeberriarrak eta Javi Zabala errioxarrak bikote aparta osatu dute Binakako Pilota Txapelketan. Hasierako ligaxkan hirugarren sailkatu ziren, 14 partidetatik 8 irabazita eta txapelketako sentsazioetako bat izanik. Play-offetan, ordea, ez ziren horren fin ibili eta Altuna-Ezkurdiaren eta Jaka-Iztuetaren kontrako bi partidak galduta, txapelketatik kanpo geratu dira. Etxeberrikoak "pena handia" sentitzen du, batetik, baina "txapelketa ona egindako harrotasuna", bestetik.
Otsailaren 22an play-offetan txapelketatik kanpo geratu eta gero, biharamun tristea izango zenuen, ala berehala buelta eman zenion?
Egia esan, hurrengo egunean pixka bat hobeto nengoen, baina egunean bertan pena handia genuen, txapelketa oso ona egin dugula uste dugulako, hirugarren izan baikara ligaxkan. Horregatik, txapelketa hala bukatzeak pena handia eman digu. Baina ez dago besterik. Otsailaren 22a eguna zaila izan zen, baina biharamunean beste gauza batzuk egiten saiatu nintzen eta pixka bat hobeki nago.
Hamalau aste txapelketan topera egon ondoren, fisikoki eta mentalki, eta hirugarren izan eta gero asteburu batean txapelketatik kanpo geratzea, horri buelta ematea ez da erraza izango.
Ez da erraza. Buruari bueltak ematen dizkiozu eta zaila da, baina beti esaten dut, momentu zail hauetan beste gauza batzuetan pentsatzen eta zentratzen saiatu beharra dugu, pilotaren ingurukoak ez direnak, gertatutakoa pixka bat ahazteko.
Javi Zabala iazko sentsazioetako bat izan zen. Beraz, Binakakoan modako pilotari gaztearekin tokatu zitzaizun aritzea. Nola hartu zenuen?
Berarekin jokatu behar nuela esan zidatenean oso ongi hartu nuen, pozez eta irrikaz. Binakakoaren aurretik oso gutxi aritu ginen elkarrekin, eta gogoak nituen berarekin jokatzeko, bikote gisa zer moduz moldatzen ginen ikusteko. Egia esan, hasieratik oso gustura aritu naiz berarekin, bikote ona osatu dugu eta harreman handia egin dugu. Hasieran partida batzuetan kosta egin zitzaigun, baina bigarren itzulia aipatuko nuke. Oso partida onak egin ditugu, eta txapelketak momentu onean harrapatu gaitu. Baina play-offak halakoak dira, momentu horietan dena eman beharra dago eta, agian, une horietan ez ginen gure %100ean egon; eta gauza horiek nabaritzen dira. Ezin izan gara finalerdietara pasa, eta pena horrekin gaude.
Hasieran txapelketari egokitzen aritu zineten, eta lehen itzulian hiru garaipen lortu zenituzten. Bigarren itzulian ikusgarri aritu zineten, zazpi partidetatik bost garaipen lortuaz. Partidak oso gogorrak izan dira, luzeak eta markagailu estukoak. Maila oso ona eman duzu; partida batean ez zenuen akats bat bera ere egin.
Niretako, behintzat, txapelketa ona izan da. Sentsazio onak izan ditut eta partida ia gehienetan pilota gutxi huts egitea eta nire maila ematea lortu dut. Alde horretatik, oso pozik nago. Partida ia denak oso gogorrak izan dira. Normalean partida gogorretan ongi ibiltzen naiz eta sentipen hori dut, baina aldi berean, egia da play-offetako azken bi partida horietara ez naizela nire %100ean iritsi. Beraz, aurreko partida gogor horiek nolabaiteko ordaina izan dute. Play-offetako bi partidetan ez nuen gaizki jokatu, baina nabaritzen nuen ez nuela txapelketa osoan izandako txispa hori.

"Javi Zabalarekin jokatu behar nuela esan zidatenean pozez eta irrikaz hartu nuen berria"
Play-offetako lehen partidan sailkapenean laugarren sailkatutako Altuna eta Ezkurdiaren kontra jokatu zenuten Tolosan. Ligaxkan bi partidak irabazi zenizkieten, baina play-offetan eurek txapelketako partidarik onena jokatu zuten, eta 22-12 irabazi zizueten.
Argi dago, hemen partida bakoitza mundu bat da. Partidak oso ezberdinak dira, bakarrik kontuan hartuta frontoiak, pilotak, bakoitzaren momentua... dena aldatzen da, eta ikusi da. Beraiek oso ongi jokatu zuten, eta guri, berriz, puntu hori falta izan zitzagun. Ez dago besterik.
Play-offetako lehen partida hori galtzeak psikologikoki uste baino eragin gehiago izan zuen zuen zuengan?
Lehenengo partida hori irabaztea oso garrantzisua zela ikusten genuen, baina nahiz eta galdu, Arrasateko bigarren partidara gogo handiekin joan ginen; Tolosan galdu izana ez zen aitzakia izan. Otsailaren 22koa oso partida ezberdina zen, bagenekien beste aukera bat genuela.
Play-offetako bigarren partidan Jaka-Iztuetaren kontra ongi hasi zineten, hasieran parez-pare zeundeten. Tanto batera jarri zineten, 11-10, baina Erik Jakak eztanda egin zuen, partidaren kontrola hartu eta gainetik pasa zitzaizuen.
Bai, Eriken partida aipatuko nuke. Hasieran markagailuan nahiko antzeko joan ginen. Tanto gogorrak izan ziren, baina nahiko ongi eta gustura ibili ginen. Gero beraiek denbora osoa pilota berdinarekin jokatu zuten. Guk pilota horrekin ezin genuen asmatu. Erikek, bitartean, dena asmatu zuen, toki guztietatik sartzen zen eta sekulako tantoak egin zituen. Gu deseroso geunden, eta ezin genuen tantorik egin.
Ezkurdiaren eta Altunaren kontrako partida jokatu eta gero materialaren inguruan kexua azaldu zuen Zabalak. Txapelketako pilotei "baina"-ren bat jartzen diezu?
Play-offetako azken bi partida horietan aurretik txapelketan izandako txispa hori izatea falta zitzaidan. %100ean ez nengoela nabaritu nuen, punturik hoberenean iristea falta izan zitzaidan. Hori aurretik joan dadila. Baina horretaz gain, esango nuke, esaterako, Tolosako partidan pilota gutxiago zegoela edo mugitzeko oso zaila zela. Altuna eta Ezkurdia oso eroso zeuden, baina gu euren jokotik ezin ginen atera, eta halako bikote baten kontra, horrela, ezin da. Beraiek erabili zuten pilota pixka bat baxuagoa zela esango nuke.
"Txapelketa ona egin dugu, baina play-offetara ez nintzen nire %100ean iritsi"
Jaka-Iztuetaren kontra 22-10 galdu eta gero Zabalak zihoen agian txapelketa luze egin dela, eskuak kargatzen joaten direla, partida luze eta gogorrak jokatu dituzuela eta azkenean txispa falta izan zenutela. Antzeko irakurketa da.
Bai, orain arte esandakoa. Txapelketa osoan oso ongi ibili gara, sentsazio oso onekin, baina azken bi partida hauetan puntu edo txispa hori falta izan zaigu. Ez genituen aurreko partidetako sentsazio berak. Halakoetan nik, behintzat, berehala nabaritzen dut ez nagoela sentsazio hoberenekin, baina hala ere dena ematen saiatzen naiz. Tamalez, ezin izan dugu, eta pena, txapelketa ona egin dugulako. Ligaxkan hirugarren geratuta hola bukatzea, inpotentzia hori... baina hau hala da eta hau askotan gertatu izan da. Pena horrekin gaude, baina harro nago egindako txapelketarekin.
Zabalak dena eman zenutela, eta halakoetan ez dagoela kexatzerik nabarmendu zuen. Zurekin jokatzea plazera izan dela aitortu du.
(Kar-kar) Oso harreman ona egin dugu, eta gozamena izan da berarekin jokatzea. Jokatzeko gaitasun ikaragarriak ditu eta oso gustura jokatu dugu. Kanpo egoteak batez ere pena ematen dit txapelketa oso ona egin dugulako.
Lagun berri bat egin duzu eta zaletu berriak. Errioxarrak animosoak eta zalapartatsuak dira frontoian.
Bai, Logroñon jokatu dugunean giro ikaragarria egon da, frontoia beti beteta. Halako giroarekin gozamena izan da; oso gustura jokatu dugu Errioxan eta gainontzeko frontoietan.
Txapelketa honetan Aspe enpresan sortutako zurrunbiloak bete betean harrapatu dizue. Aspeko Fernando Bidarte nagusia erretiratu da, eta gaur egun Asperen atzean Bainet dago. Bidartek esan zuen guztiak berdin jarraituko duela, baina kezka hor dago. Aspeko langile izanda hau guztia Binakako Txapelketaren erdian gertatzea deserosoa izan da zuretako?Printzipioz, ez. Txapelketan nagoenean bakarrik partidetan zentratzen saiatzen naiz; halako gauzak albo batean uzten ditut eta gogor entrenatzen, ongi egoten eta partidetan zentratzen saiatzen naiz. Beraz, esango nuke niri honek guztiak jokoan ez didala eragin. Enpresan aldaketa egon da, badakigu Fernando orain ez dela gure nagusia, baina, momentuz, beste guztiak berdin jarraitzen du, entrenamenduak eta bestelakoak eta ikusiko dugu.
"Finalerdietan sorpresaren bat egongo da, ziur. Hala ere, faboritoenak Laso-Albisu dira"

PRONOSTIKOA
Finalerdietan Laso-Albisu, Elordi-Zabaleta, Altuna-Ezkurdia eta Jaka-Iztueta daude. Laso-Albisuk agintzen jarraituko dute? Sorpresaren bat egongo da?
Sorpresaren bat egongo da, hori ziur, beti sorpresaren bat egoten delako. Aurten finalera agian espero ez dugun bikoteren bat sartuko delakoan nago. Nolanahi ere, Laso-Albisu faboritoenak ikusten ditut. Batez ere Lasoren jokoa nabarmenduko nuke; ia bere momenturik onenean dagoela esango nuke. Sekulako partidak egiten da, eta oso ongi ikusten dut. Albisu ere bai. Bikote gisa ia dena ongi egiten ari dira, akats oso gutxi egiten dituzte. Biak, gainera, jotzaileak dira, eta atzean min handia egiten dute. Laso aurrean ikaragarri ari da, dena bukatzen. Beraz, bikote hori aipatzekoa da. Baina beste hiru bikoteak edozeini irabazteko gai ikusten ditut ere. Oso ongi ari dira jokatzen. Jaka, esaterako, oso arriskutsu ikusten dut. Gure kontra bezala jokatzen badu, partida asko irabaz ditzakete; bikote oso arriskutsua da.
Ezkurdiarendako txapelketa zaila da, atzelari gisa ari delako, bera aurrelaria denean. Alde horretatik, berak du papeletarik zailena.
Egia da azkeneko partidan, gure kontra, oso ongi jokatu zuela. Hobeto dago, ongi ikusten dut, baina bikote honen jokatzeko modua ezberdina da. Joseba ia dena airez jartzen da, eta hori batzuetan zailagoa da. Edozeini irabazteko gaitasuna dute, baina, aldi berean, partidaren arabera agian zailago ikusten dut. Bestalde, Zabaleta askoz ere hobeto ikusten dut, azken partidetan oso ongi, txisparekin. Elordi aurrean tantoak bukatzen arriskutsua da. Hau kontuan izateko bikotea ere bada.
Binakakoa ez da txapelketa justua. Hamalau jardunaldietako ligaxkan Laso-Albisu izan dira nagusi, alde handiz, baina horrek ez du esan nahi finalera iritsiko direnik. Halakoak sarritan gertatu izan dira.
Egia da, guztiz. Eta berdin ligaxkan hirugarren eta laugarren sailkatzen direnendako; play-offetan erori daitezke, guri geratatu bezala. Baina, aldi berean, bosgarren eta seigarren sailkatzen direnek finalerdietara sartzeko aukera dute, eta beraiendako ona da. Halakoa da txapelketa. Ea datorren urtean zer moduz aritzen naizen.
ATSEDEN HARTZEKO GARAIA
Beste aldaketa garrantzitsu bat izan da zure bizitzan: aita izan zara. Nola bizi duzu?
Poz handiarekin. Aldaketa handia da, baina, aldi berean, oso polita. Alabarekin oso pozik gaude. Hasierako aste batzuk gogorrak izan ziren, batez ere gauak, baina, bestela, primeran. Alaba oso ongi dago, beraz, guztiak kontentu.
Badakigu Larraungo pilota eskolako haurrak oso pozik daudela zuk entrenatzen dituzulako. Deskonektatzeko aitzakia ona da.
Bai, gustura aritzen naiz eurekin. Aste honetan ez dut partidarik jokatuko eta ongi etorriko zait txipa aldatu, atseden hartu eta beste gauza batzuk egiteko. Familiarekin kanpora ateratzeko asmoa dugu, lasai egoteko. Entrenamendu fisikoarekin jarraituko dut, baina aste lasaia izatea nahi dut, pilota albo batera uztea, gorputza eta burua deskantsatzeko.
Eta gero, gerokoak.
Binakakoa bukatzen denean pixka bat lasai egoten gara, baina ia konturatu gabe udako jaialdiak hasten dira. Beraz, fisikoki topera prestatuko naiz, udako jaialdietara sasoi betean iristeko.