Astekaria

Txikitako ametsa

Guaixe 2026ko uztailaren 29a

Ane Martija Irurtzunen egindako Hasi berriz diskoaren aurkezpen kontzertua. @ANE.MARTIJA

Ane Martija abeslari etxeberriarrak 'Hasi berriz' lehenengo diskoa kaleratu du. Hamaika abestiz osatutako dago, eta betiko estiloa doinu berriekin uztartzen ditu. Irurtzunen aurkezpen kontzertua eman zuen, eta data berriak ixten ari dira.

Ane Martijak bere lehenengo diskoa kaleratu du: Hasi berriz. Hamaika abestiz ostatutako diskoa da, eta ekainean, Irurtzunen, aurkezpen kontzertua eman zuen; giro polita sortu zela esan zuen abeslariak ARALAR IRRATIAn egindako elkarrizketan: "Hasieran pixka bat beldur nintzen konturatu nintzelako gauza eta ekitaldi asko zeudela bai Iruñean bai Irurtzunen, baina azkenean jendea hurbildu zen eta oso pozik atera nintzen". Diskoarekin ere "oso pozik" dago. "Hainbat alditan aipatu dut, baina niretako txikitako amets bat da disko fisikoa edukitzea nire eskuetan. Oso-oso pozik nago". Harrera ona izan du, "gertukoek esan dutenagatik, eta ni horrekin gelditzen naiz". 

Iraila, Bat-batean eta Inorena abestiak kaleratu ditu urtean zehar Martijak, zetorrenaren aurrerapen gisa. Abesti horietan musika estilo aldaketa izan dela ikusten zen: "Iraila izan zen honen hasiera, horretan ikusi genuen argi eta garbi estiloa aldatzen zela. Soinuen instrumentazio prozesu luzea izan zen, eta Leirerekin batera estudioan sartu nintzen sinteak eta horrelako gauzak zer ziren ikastera eta esperimentatzera". Estilo aldaketa nabaria den arren, beste abesti batzuetan gitarrak presentzia duela azaldu zuen musikarik, "nire esentzia ez da joan". 

Esanahia

"Abestiek aldaketak jasaten dituzte; idaztean zentzu bat daukate, eta publiko egitean beste bat"

Hamaika abestiek osatzen dute Hasi berriz diskoa: Iraila, Hortxe da, Bat-batean, Mundua zain, Maitatzeko beldur, Inorena, Galduta, Poeta lotsatia, Gaurko oparia, Mozkorturik dantzan eta Hasi berriz. "Abestiek aldaketak dituzte ere; agian nik idazten ditudanean zentzu bat daukate, eta publiko egitean eta jendeak entzutean zentzu hori aldatzen da. Hamaika mila gauza egon daitezke abesti baten atzean". Martijak azaldu duenez, sare sozialak ez ditu oso ongi kontrolatzen, baina ane.martija Instagram kontuan, besteak beste, argazkien bidezko abestien laburpena egin zuen. 

Diskoa Aberin estudioan grabatu du eta Iñaki eta Leireren laguntza izan du; gehienbat Leirerekin lan egin duela azaldu zuen Martijak. "Prozesu oso luzea izan da; urte eta erdi edo gehiago daramatzat disko hau sortzen. Gauza pila bat ikasi ditut soinuari dagokionez eta beste arlori buruz ere; pazientzia eduki behar dela eta gauzak poliki egin behar direla". Prozesu luzea izan arren, polita eta aberatsa izan dela gaineratu du abeslariak. 

Hasi berriz deitzen da diskoa eta diskoari izena ematen dion abestia azkena da: "Nahita jarrita dago. Abesti horrek hasiera eman zion diskoari izena eman ziolako, baina idatzitako eta konposatutako azkena izan zen, eta kontraste hori ematea gustatzen zitzaidan". Diskoak orain arteko musika bidean egindako aldaketa bat markatzen duela zaldu zuen Matijak, "orduan da hasi berri bat eta horri buruz hitz egiten du". Zoritxarrez edo zorionez, gaineratu zuen, bizitzan hasi berriak agertzen dira "eta horiek probestu behar ditugu". 

Zoriontasuna "gauza sinple eta txikietan" daudela esan zuen abeslariak, eta hori Hortxe da kantan islatu du, eta Mundua zain abestian gertuko pertsona batek bizi zuen esperientzia txar batetik sortutako abestia da, "buelta emateko aukera badagoela". Abestietan mezu positiboak ematea gustatzen zaiola azaldu zuen Martijak. "Momentu batean idatzitako kanta bat da, orain agian ez dut horrela pentsatzen edo sakonegia iruditzen zait". Maitatzeko beldur abestiaren kasua da, eta Inorena abestiarekin ere "bitxia" dela azaldu zuen: "Biak aldi berean konposatu nituen". 

Dagoeneko kontzertuen datak ixten ari dira, eta sare sozialen bidez jakinaraziko ditu.