Etxeberrik 73 biztanle inguru ditu, baina festetan nabarmen handitzen da herriko mugimendua. Senideak eta lagunak bertaratzen dira, eta herria elkargune bihurtzen da. Aurten ere larunbateko etxez etxekoa izan da ekitaldirik esanguratsuena. "Guretako festetako ekitaldirik garrantzitsuena eta politena da", azaldu du Alondra Amoztegi etxeberriarrak, herriko kontzejuko langile eta Etxeberriko jai batzordeko kideak.
Herriko erronda 11:00etan hasten da, nahiz eta puntualtasuna ez den guztien indargunea. "Ostiraleko parranda luzea izan ahal da eta, hasieran, batzuk lo daude". 12:00etarako, ordea, ia herri guztia kalean dago, trikitilarien doinuez gozatzen.
Etxe bakoitzean geldialdia egiten dute. Bertako familiak janaria eta edaria prestatzen ditu; zerbitzatu ondoren, taldera batu eta hurrengo etxerako bidea hartzen du. Oro har, herriko hogei bat etxetatik igarotzen dira.
Etxeetako eskaintza, orduek aurrera egin ahala aldatzen da. Hasieran kafea, galletak eta pastak, gozoa. Ondoren, tortilla, pintxoak, gazia. Azken geldialdietan ordea, giroa berotzen doa eta kopak agertzen hasten dira. "Eguna pasatu ahala jendea edaten eta dantzatzen hasten da, eta kubatak hartzen bukatzen dugu beti", dio Amoztegik.
Sakanan aspaldiko ohitura da etxez etxekoa. Etxeberrin ez da izan beti larunbatean, garai batean beste egun batean egiten zuten eta arratsaldean edariaren inguruko beste itzuli bat ere bazegoen "erronda kopera" izenekoa; horrek, errondaren funtzionamendu berdina zeukan baina soilik alkohola eskaintzen zen. Gaur egun, larunbat goizeko hitzorduari eusten diote soilik.
Ibilbidea despeditzerakoan, ez da giroa bukatzen, urtero 17:00ak edo 18:00ak aldera garbantzu lapikokada prestatzen baitute Etxeberriko palazioan. Bazkaria ez da egitarau ofizialean agertzen, eta ordurako askok goserik ez badute ere, gero eta herritar gehiago elkartzen hasi dira bazkarirako.
Amoztegiren iritziz, errondaren balioa jan-edanetik harago doa. Bere esanetan errondak herriari bizia ematen baitio, auzokideekin hitz egiteko garaia da eta herri osoa elkarrekin egoteko unea. Etxeko helduenendako ere opari bat; etxetik gutxi ateratzen dena herri osoarekin egoteko unea baitu. Gazteei goizean jaikitzea kostatzen zaien arren, ohitura ez dela galduko argi utzi du Amoztegik.
Aurten, goitik behera eta zirkuan
Ohituraz, ibilbidea herriaren beheko aldetik hasi eta gorantz egiten zuten. Aurten, ordea, noranzkoa aldatzea erabaki zuten bozketa bidez: goiko etxeetatik abiatu eta beherantz aritu ziren.
Mozorroek ere kolorea eman zioten errondari. Duela bizpahiru urte hasi ziren larunbatean mozorrotzen. Joan zen urtean pottokiz jantzi ziren; aurten, berriz, zirkua izan da gaia.
Bukatzeko, aipagarria da esatea Etxeberriko festak hamar edo hamabost lagunen artean antolatzen dituztela, bilerak eta auzolana tarteko. Bertan egitarauko ekitaldiak adostu dituzte, bazkari eta afariez gain kontzertu hauek egon dira: Ostiralean eta larunbatean DJek girotu zuten plaza eta igande arratsaldean, "Duo Iri" bikoteak Mexikoko musika eskaini zuen.