Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Martxoaren 19an abiatu zen Iruñean egindako aurkezpen ofizialarekin. Prozesu horren xede nagusia da Argaren arroko plan hidrologikorako uraren kudeaketa iraunkorrari buruzko helburu eta neurrien diagnosi adostua egitea. Horregatik gizartearen esparru guztietara iristeko helburu jakina duten parte hartzeko 4 maila ezarri dira.Hala, normalean bileretara joaten ez diren emakume, haur eta beste herritar batzuen parte-hartzea errazteko jarduera batzuk antolatu dira Hiriberrin, Garesen (hilaren 16an) eta Azkoienen (hilaren 23an). Herritar horiek ibaien inguruan sumatzen dituzten arazoak eta etorkizunerako izan beharko liratekeen jokamoldeak ezagutzeko modua izan dute horrela Uraren Foroko kideek.Larunbata 17:00ak aldera foroko kideak Hiriberriko 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin batera ibaira bisitan joan ziren. Zubitik haurrek ibaia nola ikusten duten eta ibaian jolastu, arrantzatu eta beste egiten dutela esan zieten forokoei. Gainera, gero herriko askan askatzen dituzten barboak eta madrillak non hartzen dituzten erakutsi zieten teknikariei. Ibaira egindako bisita eta gero marrazki tailerrean nolako ibaia nahiko luketen adierazi zuten margoekin.Bukaeran denendako merienda izan zen.Eta haurrekin bukatu eta gero, foroko kideak Hiriberriko emakumeekin bildu ziren ibaiaren egoeraren berri haien ahotik jasotzeko. Eztabaida taldera gizonen bat ere bildu zen. Igande eguerdian Txitera elkartean ibaiaren egoeraz eta etorkizunerako ikuspegiez aritzeko 13 herritar bildu ziren, gehienak gizonak. Akaberan otamena izan zen eta helduek txikienek egindako marrazkiak ikusteko aukera izan zuten. Asteburuan egindako jardueretan 35 hiriberriarrek parte hartu zuten antolatutako jardueretan.Ibaiaren ikuspegia Uraren Foroko kideek jakitera eman digutenez Hiriberriko herritarrek, aisialdirako erabiltzen dute ibaia: arrantzatzeko, paseatzeko... Haurrak zubira joaten dira jolastera. Hiriberriarren ustez "ibaiko ura zikina eta uher dago eta bazterrak ez dira lehen bezala zaintzen". Zaborren zikinkeriarik ez dagoela esan zuten. Hori bai, udan ur gutxi daramanean "gaizki" usaintzen duela esan zuten herritarrek.Lehen ibaira joaten zen iturburuetako ura egun jendearendako eta aziendarendako erabiltzen da, "horregatik ubeldeak emari gutxiago" duela ere esan zuten Hiriberrin. Horrekin batera aitorpen bat, gero eta ur gehiago kontsumitzen dugula. Bestetik, ur ekarriko sareak "zaharkituta daudela eta ur ihesak daudela" ziurtatu zuten hiriberriarrek.Foroko kideei adierazi zietenez, nabari da araztegiak lanean daudela duela 15 urte baino hobeki dagoelako ibaia, ongi ez badago ere. Ibaia "hobetzen" jarraituko dutela espero dute tailerretan izan ziren herritarrek. Horrekin batera, uholdeekin "kezkatuta" agertu ziren, "herritik gertu iristen direlako eta ibai bazterreko soroei kalte egiten dielako".Nolako ibaia Hiriberriarrek "duela 30 urteko ibaia" nahi dute, "ur garbiarekin, bainatzeko moduan egoteko eta han jolastu ahal izateko". Horretarako hiriberriarrek proposatu zuten: "isuri ilegalak kontrolatu, ur galerak eragozteko kanalizazioak hobetu eta herri txikietako ur beltzak arazteko sistemak hobetu". Alferrik ez gastatzeko uraren erabilera kontrolatzea "garrantzitsua" dela adierazi zuten.Bilera Irurtzunen Garagarzaroaren 20an Irurtzungo kultur etxean, 17:00etatik 20:00etara, Arga arroko parte-hartze prozesuko bilera izanen da. Hilaren 20ko bilera horretan, parte-hartzaileen laguntzarekin, Sakanan, Larraunen, Basaburuan, Goñin eta Ollon ibaiek dituzten arazo nagusiak zein diren zehaztu eta, aldi berean, ibaien egoeraren diagnosia egin nahi da.