Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baldorbako ehiza-barrutiak Nafarroako Arku Jaurtiketa Txapelketa hartu zuen joan zen igandean, landa tiro modalitatean. Lehiakideak kategoria ezberdinetan lehiatu ziren, arku soilarekin, errekurbatuarekin, arku konposatuarekin edo longbow arkuarekin, esaterako. Azken kategoria honetan lehiatu zen Jose Luis Iriarte Larunbe hiriberritarra. Landa-tiro modalitatean material bereziz eginiko animalia-irudi edo animalia-argazkiak jartzen dira eta horien inguruan jaurtiketa eremu ibiltariak sortzen dira. Irudi bakoitzak markatua izan ohi du heriotza eremua, bihotz aldean eta larri zauritzeko eremua, birika aldean. Diana bakoitzean txandaka botatzen dute jaurtitzaileek denbora mugatuan. Gezia nora bota, haren araberakoa izanen da lortutako kopurua. Joan zen igandean, Nafarroako Txapelketa jokoan, arakildarra izan zen longbow kategoriako jaurtitzaile onena, 306 puntu lortuta. Ia 60 puntura geratu zen bigarrena, Jose Miguel Ena, 245 punturekin. Hiriberriko arku jaurtitzaileak egindako lan paregabeari esker, Europako Txapelketan parte hartzeko hautatu dute.