Larunbat arratsaldean beste "etapa" bat bete zuen Arakilgo udazkeneko kultur agendak. Hiriberrirako egindako kultur eskaintza hainbat arakildarren arreta erakarri zuen. Asko izan ziren arratsalde guztian Txitera elkartetik pasa zirenak. Jose Cruz Arbilla Carasatorre hiriberriarraren fosil erakusketak askoren jakin-mina piztu zuen eta Hiriberriko bildumazalaeak hainbat azalpen eman zituen. Ondoan zegoen Nafarroa Oinezeko denda eta zer erosi izan zuten Txitera elkartetik pasa zirenak. Erakusketarekin batera, Txan magoaren emanaldia izan zen kontzeju etxean. Bildutako 60 pertsonek ederki asko pasa zuten magoaren saioarekin. Bestalde, Arakilgo toponimiari buruz Mikel Belaskok emandako hitzaldiak 45 arakildar bildu zituen. Adituari asko eta mota ugaritako galderak egin zizkioten: toponimoen, etxe izenen eta abizenen inguruan, Arakilgo euskalkiaren gainean, baita Iruña-Veleiaz ere. Mikelek guztien jakin-mina ase ondoren, ahora zerbait eramateko unea iritsi zen. Gazta dastaketan Hiriberrin bildutako arakildarrek Gorriti, Beruete, Etxarri Aranatz eta Euaten egindako gaztak dastatzeko aukera izan zuten. GehiagoArakilgo Udalak, kontzejuek eta elkarteek antolatu duten udazkeneko agendak larunbatean du segida. Ihabarko herritarrek Maritxu antzezlana taularatuko dute Irurtzungo kultur etxean, larunbatean, 19:00etan. Aristofanesen Lisistrata lanaren egokitzapena da Irurtzunen ikusgai izanen dena. Ihabardarrek obra antzezten duten bigarren aldia izanen da, herriko festen aurretik emanaldia egin baitzuten. Emanaldia gaztelaniaz izanen da, baina ikusleei gidoia euskaratua banatuko zaie. Hurrengo larunbatean, abenduaren 6an, berriz, udazkeneko kultur agendak Erriberriko gaztelua eta ardo museoa ezagutzeko gonbitea egin du. Horretaz gain, hango jatetxe batean bazkaria izanen da. Interesatuek Arakilgo udaletxean eman dezakete izena.