Katusha taldea nagusi Mallorcako Challengeko lehen etapan

Guaixe 2009ko otsailaren 9a

Atzo hasi zen Mallorcako Challengean, Palman hasi eta despeditu zen etaparekin. Hain zuzen ere, Palman prestatutako 11,6 km-ko zirkuituari 10 buelta eman behar izan zizkieten txirrindulariek, 116 km osatuz. Haize bolada gogorrekin nahikoa lan izan zuten txirrindulariek, eta haizetearen ondorioz erorikoak izan ziren. Etapa bukaerako sprintera Katusha taldeko txirrindulariak hobeto kokatuta iritsi ziren, eta Katushako Geert Steegmans nagusitu zen (2:35:42), bere taldekide Robbie MacEwen eta Caisse d´Epargneko Jose Joaquin Rojasen aurretik. Euskaltel taldeko Koldeo Fernandez de Larrea bosgarrena izan zen, eta Oscar Guerrero altsasuarraren zuzendaritzapean debutatu berri duen Contentpolis-Ampo taldeko Francisco Pacheco zazpigarrena. Guztiak denbora berean sartu ziren. Sakandarrei dagokienez, Euskalteleko Jorge Azanza 46.a heldu zen helmugara, denbora berean, eta haren taldekide Pablo Urtasun 104.a, 15 segundora. Atzokoa lehen etapa zenez, sailkapen nagusian ere postu berberetan daude aipatutakoak. Gaur CHallengeko bigarren etapa jokatuko da, Cala Millorren hasi eta despedituko den 176 km-ko etaparekin. Etapa ia guztiz laua da, laugarren mailako bi igoera izan ezik. Hortaz, sprinter azkarrenendako moduko etapa izango da gaurkoa ere.