Lanak ezin despeditu

Guaixe 2009ko ots. 11a, 00:00

Sareak eta zorua berritzeko lanak iazko apirila hasieran hasi zituzten Hiriberrin. Gauzak ongi, sei hilabetez luzatu behar ziren lanak ezin despeditu dabiltza eta horretan ardura eguraldiak du, udazkenak eta neguak behar bezalako baldintzak ez baitituzte eman. Gaur egun kontzeju etxerako bidea, espaloi batzuk eta hiri altzariak jartzea falta da. Horretaz gain, Ihabartik datorren errepidean, Eskolarantz kalearen ondoan zebrabide goratu bat ere jarriko da, ibilgailuen abiadura moteldu asmoz. Nafarroako Gobernuaren toki azpiegiturak lau urteko planaren bidez berritu dira Hiriberrin ur, saneamendu, euri ur, argindar sareak, baita zoladura ere. Lanak egin behar zirela baliatuz, elektraindar, telekomunikazio eta argiteria publikoko sareak lurperatzea erabaki zen. Udalak aurreneko biak ordaindu zituen eta azkena kontzejuak. Bestalde, eguberrietan jendea oporretan zegoela baliatuta Hiriberriko Kontzejuak auzolana deitu zuen. Herrian egindako lanen ondoren, hainbat lekutan zuhaixkak landatzeko tokiak prestatuta utzi ziren eta haietan landareak aldatu zituzten: masustondoak, akaziak eta bestelakoak.