Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo jokatu zen Flandriako Tourra, galtzadarrien lasterketa izenez ezagutzen den klasikoetako bat. Brujasen hasi eta Ninoven despeditzen den 261,5 kilometroko lasterketa oso gogorra da, aldapa eta galtzadarri tartez betetakoa. Quick Stepeko Stijn Devolderrek sekulako erakustaldia eman zuen, helmugarako 16 kilometrora zegoen Kapelmuur murruan eraso gogorra jo baitzuen, helmugara bakarrik helduz. Bigarren urtez segidan "txirrindularitzako bost monumentuetatik bat" kontsideratzen den lasterketa irabazi zuen Devolderrek (6:01:08). Cerveloko Heinrich Haussler bigarrenari 56 segundoko aldea atera zion. Parte hartzen zuten txirrindulari nafarretatik bakarrak lortu zuen lasterketa despeditzea, Caisse d´Epargneko Imanol Erbitik hain zuzen. 56.a izan zen, 6:45era. Euskalteleko Pablo Urtasunek ez zuen lortu helmugara heltzea eta Caissen dabilen Chente Garciak erorikoa izan eta ezker besoko radioan haustura dauka. Asteazkenean Gante Wevelgem klasikoa jokatuko da eta apirilaren 12an Paris-Roubaix klasiko famatua. Urtasun eta Erbitik Europan jarraituko dute, aipatu klasikoetan lehiatzeko.