Imanol Erbiti Paris-Camembert klasikoan ariko da gaur

Guaixe 2010eko apirilaren 13a

Hiriberriko Imanol Erbiti txirrindularia (Caisse d´Epargne) iparraldeko klasikoetan murgilduta dabil burubelarri. Iaz oso ongi moldatu zen klasika gogor hauetan, baina aurten ez, alergia arazoak dituelako, eta ondorioz, ezin izan zuen Flandeseko Tourra eta Paris-Roubaix klasikoa despeditu. Hiriberrikoak aitortu duenez, Kataluniako Voltan hasi zen alergia sintomak nabaritzen, baina Flandeseko Tourrean eragin zioten nabarmen, eta ezin zuen bere maila eman. "Alergiekin nagoenean esfortzu maila normalean aritu naiteke, baina esfortzu gehiago egin behar dudanean ezin dut" azaldu du. Horregatik, alergologo batera jo du. "Roubaixen hobe ikusi nuen nire burua, baina esfortzu maila gorenean ezin dut denbora luzea eman, eta Arenbergen erretiratu behar izan nintzen" gaineratu du. Gaur Paris-Camemberten ariko da eta ea bere arazoak gainditu eta bere benetako maila ematerik ahal duen. 200 kilometroko lasterketa da, eta azken hiru 20 kilometrotan hiru malda gora gainditu behar dituzte: Huniere (%10eko gainbeherarekin), Moulin Neuf (%16ko gainbeherarekin) eta Campeaux (%16,5eko gainbeherarekin).