Rural Kutxako Morenok Asturiasko Vuelta irabazi du

Guaixe 2011ko maiatzaren 3a

Burunda Txirrindularitza Taldetik sortu zen Rural Kutxa talde kontinental profesionalak historia egin du. Larunbatean Asturiasko Vueltako hirugarren etapa irabazi zuen aipatu taldeko Javier Morenok, Acebo gaineko helmugara bakarrik heldu eta gero. Horrekin batera sailkapen orokorrean lider jarri zen, eta ordutik Rural Kutxak sekulako lana egin du lidergoa mantentzeko. Atzo despeditu zen Asturiasko Vuelta, Narancoko igoera gogorrarekin, eta Javier Morenok sekulako lana egin zuen, helmugan bigarrena izan baitzen, Tino Zaballa garailearen denbora berean sartuta. Benetako saria, ordea, Morenok Asturiasko Vuelta irabaztea izan da. Garaipen horrek sekulako konfiantza eman dio taldeari, Espainiako Vueltan aritu ahal izateko gonbidapenaren zain baitago Rural Kutxa.Movistar Team taldeko Hiriberriko Imanol Erbiti 25.a izan da, 16:13ra; Euskalteleko Pablo Urtasun urdiaindarra 60.a, 43:16ra; eta Orbeako Xabier Zabalo olaztiarra 69.a, 54:56ra.