Hiriberriko kontzeju etxean toki erakundearen egoitzaz gain, mediku kontsultategia eta squasha daude. Lehen solairua hutsik dago. Hainbat auzolanetan hustu zuten eraikina eta ondoren porlan plantxa berria bota zuen zoruan. Baina eraikina hutsik zegoen. Eta Hiriberriko Kontzejuak hura egokitzeko lanak berak bakarrik ezin zituenez egin Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatu zion. Ikusita jasotako diru-laguntza zein izanen zen Hiriberriko Kontzejuak Arakilgo Udalari egitasmoa handitzea proposatu zion. Igogailua eta guzti izanen duen erabilera anitzeko gela egitea. 134.059 euroko inbertsioa eskatzen duen lana da eta, berriki, Nafarroako Gobernuaren Lau urteko Tokiko Azpiegitura Planetik 65.160 euroko diru-laguntza jaso da. Aurten 52.000 euro inguru jasoko dira lan horiek egiteko eta gainontzekoa heldu den urtean. Lanen aurrekontua osatzeko Arakilgo Udalak 50.000 euro jarriko ditu eta Hiriberriko Kontzejuak 18.899 euro. Dagoeneko lanak egiteko eskaintzak jaso dituzte eta hilaren akaberan jakinen da zein enpresak egiten dituen. HitzarmenaArakilgo alkate Ruben Goñi Urrozek gogo onez hartu zuen Hiriberriko kontzejuburu Felix Unanua Yabenek proposatutakoa. Izan ere, Arakilgo Udalarendako interesgarria da kontzejuen eta arakildarren arteko harremana estutuko duen espazioen sare bat izatea eta, horrela, udalak ematen dituen zerbitzuak hobetzea. Bi aldeek 20 urterako akordioa sinatu dute. Arakilgo Udalak Hiriberriko lana finantzatzearen truke (30.000 inbertsio gisa eta 20.000 aurrerapen gisa) epe horretan erabilera anitzeko gela dohain erabiltzeko aukera izanen du. Han ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak antolatzeko aukera izanen du Udalak. Beti ere, erabilera kontzejuarekin koordinatuz. Hitzartutakoaren arabera, eginen den jarduerak garbiketa egitea eskatzen duenetan udalaren ardura izanen da hura egitea. Mantenua eta bestelako kostuen (argindarra, berogailua...) ardura kontzejuarena izanen da. Nahiz eta hori aretoa martxan jartzen denean berraztertuko den. Azkenik, bi erakundeek igogailuaren mantenua erdibana eginen dute.