Hiriberriko kontzeju-etxeko lehen solairuan erabilera anitzeko gelak (txikia eta handia) egiteko lanak abendu akaberan abiatu ziren eta bost hilabeteren buruan despedituak egotea espero da. Herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko igogailua jarriko da. Construcciones Arleizabe enpresa ari da lan horiek egiten.
Aurretik, hiriberriarrek auzolanean solairua hustu eta zoruan porlan plantxa berria egin zuten. Joan den urtean Arakilgo Udalak kontratatutako langileek etxabeko ateko eta leihoetako buruak entokatu eta aldatu zituzten.
Hitzarmena
Arakilgo Udalak kontzejuen eta arakildarren arteko harremana estutuko duen espazioen sare bat sortzeko asmoa du, horrela eskaintzen dituen zerbitzuak hobetu ditzakeelako. Hori kontuan izanda, Udalak Hiriberriko Kontzejuarekin hitzarmena sinatu zuen. 20 urteko indarraldia du akordioak. Udalak emandako diru-laguntzaren truke kontzejuak gelaren erabilera dohainik utziko dio, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak antolatzeko. Bi erakundeek adostu dutenez gelaren erabilera koordinatuko dute, baten eta bestearen programazioak elkar ez zapaltzeko.
Hitzartutakoaren arabera, eginen den jarduerak garbiketa egitea eskatzen duenetan udalaren ardura izanen da hura egitea. Mantenua eta bestelako kostuen (argindarra, berogailua…) ardura kontzejuarena izanen da. Nahiz eta hori aretoa martxan jartzen denean berraztertuko den. Azkenik, bi erakundeek igogailuaren mantenua erdibana eginen dute.
134.059 euroko inbertsioa
Nafarroako Gobernuaren Lau urteko Tokiko Azpiegitura Planetik 65.160 euroko diru-laguntza jaso dute (52.000 euro inguru joan den urtean, gainontzekoa aurten). Arakilgo Udalak 50.000 euro jarriko ditu eta Hiriberriko Kontzejuak 18.899 euro.
Banaketa
Behe solairua (231,24 m2): ezkaratza (13,31 m2), komunak (16,30 m2), banatzailea (11,26 m2), biltegia (40,5 m2), squasha (76,25 m2), harrera gunea (15,50 m2), mediku kontsultategia (15,2 m2), kontzejuaren bilera gela (23,3 m2) eta artxiboa (7,75 m2).
Lehen solairua (209,19 m2): banaketa (25,32 m2), erabilera anitzeko gela txikia (22,81 m2) eta erabilera anitzeko gela handia (61,06 m2).