Etzi mustuko da erabilera anitzeko gela

Guaixe 2014ko urriaren 2a

Kontzeju-etxean dago eta kontzejuaren eta udalaren arteko hitzarmen baten bidez kudeatuko da

Arakildarren arteko harremana estutuko duen espazioen sare bat sortzeko asmoa du udalak. Sareko lehen elementua Hiriberriko erabilera anitzeko gela izanen da eta bigarrena Etxarrengo frontoia. Aurrenekoa etzi mustuko dute, Arakilgo haizea dokumentalaren proiekzio bikoitzarekin.

Arakilgo Udalak Hiriberriko Kontzejuarekin 20 urterako hitzarmena sinatu dute. 20 urteko indarraldia du akordioak. Udalak gelaren erabilera dohainik izanen du han ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak antolatzeko. Bi erakundeek adostu dutenez gelaren erabilera koordinatuko dute, baten eta bestearen programazioak elkar ez zapaltzeko.

Hitzartutakoaren arabera, eginen den jarduerak garbiketa egitea eskatzen duenetan udalaren ardura izanen da hura egitea. Mantenua eta bestelako kostuen (argindarra, berogailua…) ardura kontzejuarena izanen da. Martxan jartzen denean berraztertuko dute hitzarmena. Bestalde, bi erakundeen bizkar izanen da igogailuaren mantenua.

Inbertsioa
Gela moldatzeko 134.059 euroko inbertsioa egin da. Nafarroako Gobernuaren Lau urteko Tokiko Azpiegitura Planetik 65.160 euroko diru-laguntza jaso dute (52.000 euro inguru joan den urtean, gainontzekoa aurten). Arakilgo Udalak 50.000 euro jarriko ditu eta Hiriberriko Kontzejuak 18.899 euro.