Erbitiren Movistar hirugarrena taldekako erlojupekoan

Guaixe 2015ko uzt. 13a, 11:12

Taldekako erlojupeko bikainari esker sailkapen orokorrean 9. postura igo da Nairo Quintana

Atzo taldekako erlojupekoa jokatu zen Frantziako Tourrean. BMC Racing taldekoak izan ziren azkarrenak (32:15), Chris Froome liderraren Team Sky taldeari segundo bat aterata. Unzuek eta Jose Luis Arrietak zuzentzen duten Movistar taldekoak, Hiriberriko Imanol Erbiti tartean, hirugarrenak izan ziren, 4 segundora. Movistarreko erlojupeko bikainari esker Nairo Quintanak sailkapen orokorrean bederatzigarren postura igo zen. Froome liderratik 1:59ra dago orain Qintana. Imanol Erbiti 147.a da, 45:59ra.

Pirinioetara joateko
Gaurko atsedenaldiaren ondoren, bihar Pirinioetako etapei ekingo diete txirrindulariek. Etapa horiek jarraitzera sakandar ugari bertaratuko dira. Biharko etapa San Martin Harrian despedituko da, Nafarroa eta Zuberoaren arteko mugan. Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, Jendarmeriak ez du utziko bertara bizikletaz igotzen. Igande gauerditik itxita dago Beleguako mendateko errepidea (NA-137). Bertara oinez bakarrik iritsi ahalko dira zaleak. Autoek Foruzaingoak seinaleztatutako tokietan aparkatu ahalko dute, Beleguako mendateko errepidearen eskuinaldean (NA-137), 59. Kilometroko puntutik aurrera (mugatik kilometro eskasera) eta Izaba alderako norabidean. El Ferial eski-estazioko aparkalekuan ere utzi ahalko da ibilgailua, eta leku horretan ere autobusek aparkatuko dute. Karabanei dagokienez, La Contiendako estazioan aparkatu ahalko dute, baita Navarra kirol klubaren aterpe zaharrean ere.