Froomek ongi eutsi dio Alpeetako lehen etapari

Guaixe 2015ko uzt. 23a, 08:58

Movistar indartsu dago, tartean Imanol Erbiti

Atzo Frantziako Tourreko Alpeetako lehen etapa jokatu zen. Etapa Giant taldeko Simon Geschek txirrindulariak irabazi zuen, helmugara bakarrik sartuta. Chris Froome (Sky) liderrak ongi eutsi zien erasoei eta bere arerio nagusi Nairo Quintana (Movistar) txirrindulariarekin batera sartu zen helmugara, 7:16ra. Atzora arte sailkapen orokorrean hirugarrena zen Tejay van Garderenek (BMC) proba utzi behar izan zuen, gaixorik zegoelako, eta Alberto Contadorrek (Tinkoff) erorikoa izan zuen eta bizikleta aldatu behar izan zuen, bi minutu galduaz. Orain Alejandro Valverde (Movistar) da hirugarrena sailkapen orokorrean, 4:09ra. Chris Froome liderrak 3:10eko tartea ateratzen dio Quintanari.

Movistarrek indartsu jarraitzen du lanean. Tartean dago Hiriberriko Imanol Erbiti. Sailkapenean 148.a da Hiriberrikoa, 2:50:19ra. Quintanaren eta Valverderen talde gizon bikaina, gaurko Alpeetako etapa gogorra probestu beharko du Movistarrak Froome liderra erasotzeko. Gapetik aterata, bigarren mailako Bayard, Morte eta Montvemier, hirugarren mailako Motty, Mure eta Malissol eta maila bereziko Galandon gainditu beharko dituzte txirrindulariek, proba Saint Jean de Mauriennen despeditzeko.