Erbitik aurrera Puritok ordagoa jo duen Vueltan

Guaixe 2015ko ira. 7a, 10:16

Aru liderrarengatik segundo batera kokatu da Purito Rodriguez. Erbitiren Movistarrek ez du apenas aukerarik

Asturiasen, Picos de Europako bihotzean, eraso bikaina jo zuen Katushako Purito Rodriguezek. Etapa irabazi eta ordago ederra jo zuen, sailkapen orokorrean Astanako Fabio Aru liderrarengatik segundo eskasera kokatu baita Katushakoa. Hirugarrena Tinkoffeko Rafal Majka da, 1:24ra eta laugarrena Giant taldeko Tom Dumoulin, 1:25era. Puritok Dumoulin ikusten du proba irabazteko hautagai nagusietako bat.

Movistarrek sailkapen orokorreko aukerak ia zapuztuta dauzka, Alejandro Valverde 8.a baita, 2:25era eta Nairo Quintana 9.a, 3:00ra. Hala ere taldekideendako lan gogorra egiten segitzen du Movistarreko Hiriberriko Imanol Erbiti. Sailkapen orokorrean 119.a da Erbiti, 2:24:40ra. Vueltak Asturiasen jarraitzen du. Gaur etapa menditsua dute, Luarcan hasi eta maila berezia duen Alba baselizan, Quirosen despeditzen dena, aurretik lehen mailako Cobertoria Gaina pasa eta bigarren mailako hainbat gaina pasa eta gero. 5.100 metroko desnibela dute aurrez aurre. Mendiak agintzen jarraituko du.