1. Lehenengo 10 onenen artean geratu zara Conocer Navarra argazki lehiaketan. Zer du berezia zure argazkiak?
Enkoadraketa eta errebelatua egokiak dira eta modu xume eta atsegin batean irudikatzen du neguko ohiko egun bat: elurra eta bisutsa, eta zerua berun-kolorekoa. Tokia, gainera, berez da ederra, bai ermita bera zein ingurunea ere. Lehiaketak eskatzen zituenak ongi jasoak geratu dira irudian: Nafarroaren ondarea zein ingurua. Hiru aldiz aurkeztu dut lanen bat lehiaketa honetara eta ohartu naiz irabaztea ez dela bizikletako lasterketa gisara lortzen, lehen iristen denak ez du zertan irabazten.
2. Neguko irudia da. Noiz atera zenuen argazkia?
2015eko otsailaren 21ekoa da argazkia. Egun hotz horietako bat zen, elur-haizea zebilen eta ia zailena Lizarragako tunelera iristea izan zen. Elur-raketekin iritsi nintzen haraino.
3. Teknika zehatzik ba al du argazkiak?
Ezer berezirik ez egia esan. Zailena lehen esan bezala, zegoen eguraldiarekin bertaraino iritsi eta une horretan han egon ahal izatea izan zen. Bitxikeria gisara esanen dut, 35 urte dituen eskuzko objektibo batekin egin nuela, kamera digital bati jarrita. Maitasun handiz egindako argazkia da eta prozesatze zainduarekin.
4. Nafarroako Gobernuaren turismo karteletan ikusi ahal izan dugu zure argazkia. Laudorio bat izan da zuretako?
Laudorioa bainoago esanen nuke nire lanaren goraipamen bat izan dela, bide onetik noalaren seinale. Argazkilaritzak esfortzua eta dedikazioa eskatzen ditu eta lan horren guztiaren emaitza da. Niretako argazkiak ateratzea afizioa da eta, alde horretatik, argazkilaritza kontrolatzen duen jendearengandik errekonozimendua jasotzeak asko adierazten du.
5. Non egiten dituzu zure argazkirik kuttunenak?
Inguru oso anitz batean bizi gara eta bertatik bertara ditugu mendizerrak adibidez: Aralar, Urbasa, Handia. Horrez aparte, Sakanak dituen txoko guztiak ere bai: harrizko etxeak, larreak, loreak, zuhaitzak, ermitak... Aukera handiak daude argazkilaritza praktikan jartzeko etxetik gertu.
6. Nondik datorkizu argazkilaritza afizioa?
14 urte nituenetik, eta 58 ditut orain, argazkiak atera izan ditut. Nire bizitzan maiztasunez aritu naiz irudiak kameraz jasotzen. Izan nuen lehen lanarekin ekin nion argazkilaritzarako materiala erosteari. Aitak beti esaten zuen, nire soldatak materiala erosteko erabiltzen nituela, eta, hala da, ez zekiena zen, soldata bakarrarekin batzuetan ez nuela nahikoa izaten. Ez da afizio merkea, material ona erosten baldin bada behintzat. Urteek aurrera egin ahala dena dela, abandonatu xamar utzi nuen, harik eta, alabak kamera digitala oparitu zidan arte. Teknologiak egunero eskaintzen du zerbait berria eta egokitu egin behar gara. Berriz ekitea erabaki nuen.
7. Batez ere paisaiak dituzu gustuko, zergatik?
Erretratua gustatzen zitzaidan hasieran. Gogoan dut nire lantokian argazki lehiaketa bat egin zutela eta nire lehengusuei egindako argazki batekin irabazi nuela. Ezkontzetan, bataioetan... ere izan naiz argazkiak ateratzen, senitartekoenetan noski. Baina gero paisaiekin hasi nintzen eta orain egiten ditudan argazki horiek diapositiba gisa txertatzen ditut. Zergatik paisaiak? Bada ikusi nuen film batek zerikusi handia du. La sal de la Tierrak Sebastiao Salgao argazkilariaz hitz egiten du, bere ibilbide profesionalaz. Ingurumenak eskaintzen digun guztiaz hitz egiten du.
8. Zer fokatzen duzu gustura?
Paisaia zabalak angelu irekiekin. Zailenak dira, bereziki objektibo angularrarekin elementu gehiago jasotzeko aukera dagoelako eta erakargarritasuna galtzen duelako erraz. 'Gutxiago gehiago da' esaera erabat lotuta dago argazkiarekin, geroz eta elementu gutxiago izan geroz eta ederragoa, erakargarriagoa eta ikusterrazagoa da irudia.
9. Izan du zure beste argazkiren batek halako oihartzunik?
Arakilgo Udalak antolatzen duen udazkeneko lehiaketara bidali nuen argazkia orain gutxi. Irabaztea lortu nuen eta ilusio handia jaso nuen esan zidatenean. Iaz, gainera, Conocer Navarra lehiaketako paisaien ataleko finalista izan nintzen. Bardea Xuriko argazkia izan zen, Argedasen egindakoa. Gauez egin genuen irudia, esposizio oso luze baten emaitza izan zen. Izarren nolabaiteko mugimendua irudikatu nahi genuen. Guaixeko lehiaketa ere aipatuko dut, Beriain mendiko irudi batekin ere aipamena izan nuen.
10. Zer eskaintzen dizu argazkilaritzak?
Gustatzen zaidan zerbait egiteagatik poztasuna eta asebete ahal izatea. Horrez aparte, argazkiak egiten duen jendea ezagutzea eta afizio bera konpartitzen duen jendearekin aritzea.
11. Zer behar da argazki on bat atera ahal izateko?
Dedikazioa, maiztasuna eta esfortzua. Lehenik eta behin, argazkilaritza ezagutzea ezinbestekoa da, zein diziplina dauden ezagutzea. Ondoren, norberari zer gustatuko litzaiokeen definitzea eta ondoren, lanean hastea, argazkiekin ekitea.