Fiturko egonaldiko zein balorazio egin duzue?
Oso ona. Momotxorroekin joan ginen eta hori joateko oso garrantzitsua izan zen. Momotxorroen bideoak sare sozialen bidez asko mugitu dira eta bisita pilo bat izan dituzte (40.000tik gora). Fitur oso handia da eta horrela oihartzuna izan du Sakanak.
Halako feriak Sakana turismo helburu gisa saltzeko balio dute?
Segun eta nola. Altsasuko inauteriekin joanda, bai, zerbait berezia eramaten duzulako. Hala, aurkezpena egiteko aukera duzu eta arrazoi bat duzu. Gu bakarrik, beste ezer gabe joatea, ez dut uste oso erakargarria denik. Altsasuko inauteri batzordekoak joan behar zutelako erabaki genuen joatea, bestela…
Bestalde, Bidelagunek Ezkutariri zer esan dio?
Beti nahi izan dugu Nafarroako Gobernuko ordezkariak etortzea gure nahiak haiei esateko. Sakanako Plan Estrategikoko (SPE) turismo arloko zenbait puntu eginak ditugu. Azken urtean, dirurik gabe, gauza pila egin ditugu. Gauza gehiago, handiak egiteko, finantziazioa behar dugu. SPE garatzeko akordioa sinatzeko prest dago. Aurreratzeko puntu batzuk daude eta zer nahi dugun esan digu.
SPEko puntu garrantzitsua da Sakanak turismo teknikaria izatea. Finantziazioa sinatzea espero dugu turismoa mugituko duen pertsona bat kontratatzeko. Gainera, orain Nafarroako Gobernuak turismo teknikari bat izendatu du Baztan, Plazaola, Sakana eta Lizarralderako, Patxi Saenz. Pausu handia da, lehen ezer ez zegoelako.
Aurtengo lehentasunak zein dira?
Alde batetik, teknikariarena. Bestetik, Altsasuko Haritzen ibilbidea. Oso ongi dago, baina jendea joateko gauza pila egin daitezke. Gure landetxera etortzen den jendea joaten da. Zuhaitz batzuk eta ikusten ditu. Baina, agian, azalpenak emanen dituen norbait behar da, gida bat, azalpenak eman eta bisitariek ibilbidea ongi ulertzeko.
Horretaz aparte, prestakuntza dago. Guk urtero zerbait egin nahi dugu. Bai Bidelaguneko kideendako baita elkartean ez daudenendako ere. Oso garrantzitsua delako. Teknologia berriak eta bestelakoak ikastea, aurrera egiteko.
Sakanako Garapen Agentziarekin eta udalekin lanean ari zarete?
SGA Bidelagun elkarteko kidea da, beraz, beti elkarrekin gauzak egiten gaude. Joan den urtean elkarteko Gemma eta Valen udal guztietako ordezkariekin egon ziren. Turismoa bulkatzeko denok elkarrekin zer egin dezakegun aztertzeko. Zeren batzutan guk, sakandarrak, ez daukagu argi ibarrean zer daukagun. Turismoa ibarrean garrantzitsua izan daiteke. Udal batzuekin ez gara egon.
Zein asmo?
Gutxienez haiek jakitea nor garen, zer egiten ari garen eta, posible bada, haien laguntzarekin gauza gehiago egitea. Lakuntzako, Arbizuko eta Altsasuko Udalekin hitzarmen bana sinatu dugu. Feria eta bestelako ospakizunetan gure turismo informazioa zabaltzeko postua dohainik jartzeko. Azken finean, gure lana Sakana “saltzea” da. Hori egin ahal izateko udalen laguntza pixka bat behar dugu.
Aurtengo zein asmo?
Sakanan dauden azoka guztietan egonen gara, joan den urtean bezala.