Rural Kutxak Tirreno Adriatikon debutatuko du

Guaixe 2016ko mar. 9a, 11:02

"Erabat ilusionatuta” dago taldea

Rural Kutxa talde profesional kontinentalak Tirreno Adriatiko lasterketa mitikoan debutatuko du gaur. Espainiar estatutik kanpo World Tour mailako proba batean aritzen den lehen aldia izango da hau Rural Kutxarendako, eta “munduko ilusio guztiarekin” daudela adierazi dute. Pello Bilbao, José eta Domingos Gonçalves, Lluis Mas, Jaime Rosón, Ricardo Vilela, Sergio Pardilla eta Angel Madrazo txirrindulariek osatuko dute taldea, Eugenio Goikoetxea zuzendariaren aginduetara. Nibali, Rodriguez, Uran, Chaves, Valverde, Sagan, Cavendish eta izar gehiagoren artean lehiatuko dira Rural Kutxakoak.

Erbiti Paris-Nizan
Abian da Paris-Niza World Tour mailako proba entzutetsua. Atzo bigarren etapa jokatu zen, esprint estuan erabaki zena. Polemikak tarteko, antolakuntzak lehena izan zen Cofidiseko Nacer Bouhanniri penalizazioa jarri zion, Oricako Michael Matthewsi oztopo egiteagatik. Hortaz, azkenean Matthewsek irabazi zuen etapa. Movistar taldean dabilen Imanol Erbiti 91.a sartu zen, 12 segundora. Matthews da Paris-Nizako liderra eta Imanol Erbiti 134.a da, 8:53ra.