Igandean despeditu zen Frantziako Tourra. Sky taldea izan da jaun eta jabe: Chris Froomek bere laugarren Tourra irabazi du, Cannondale taldeko Rigoberto Urani 54 segundo eta Ag2r taldeko Romain Bardeti 2:20 atera eta gero. Gainera, bere taldekide Mikel Landa laugarrena izan da, podiumera igotzetik segundo eskasera. Tourreko talde onenaren saria lortu du Skyk.
Beste aldean, aldiz, Jose Luis Arrietak zuzentzen duen Movistar Team taldea dago. Lehen egunetik Alejandro Valverde galdu zuen taldeak, eta Nairo Quintanak ez du espero zen maila eman. Aurretik Giroan aritzeak ez dio mesede egin Quintanari. 12.a sailkatu da sailkapen orokorrean, 15:28ra. Movistar Team taldean gauzak ez dira errazak izan, baina hutsik egin ez dutenak talde gizonak izan dira, Hiriberriko Imanol Erbiti, kasu. Erbiti 85.a sailkatu da, 3:00:21ra, eta Quintana liderra sostengatzea izan da bere lanetako bat. Movistar Team taldea azken Tourretan talderik onena izan da, baina aurten ezinezkoa izan da eta Sky izan da onena.
Vuelta zalantzan
“Saiatu gara, baina ez dira genituen helburuak lortu. Nire kasuan, ez dut erorikorik izan eta nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatu naiz. Hortaz, alde horretatik, kontentu nago. Baina taldeak ez du espero zen mailarik eman” adierazi du Hiriberrikoak. Hasiera batean Espainiako Vuelta jokatzeko zerrendan zegoen Erbiti, baina Alejandro Valverderen lesioa dela-eta, txirrindulari gazteagoen hautua egingo omen du Movistar Team taldeak. “Parte-hartzea zalantzan dago. Alejandroren bajagatik beste planteamendu bat egingo da eta akaso txirrindulari gazteagoak trebatzea izango da aurtengo filosofia. Baina oraindik ez dago ezer erabakita, eta, beraz, ez dakit arituko naizen” gaineratu du.
Imanol Erbitirendako aurtengoa bere 8. Tourra izan da. Horretaz gain, 2007tik jarraian aritu izan da Espainiako Vueltan. Ikusteko dago aurten arituko den ala ez.