Erbitik bere 13. denboraldia prestatzeari ekin dio

Guaixe 2017ko aza. 7a, 12:49
Jose Luis Arrieta txirrindulariei argibideak ematen, Erbiti tartean. Argazkia: Marca.

Jose Luis Arrieta entrenatzaile uhartearraren aginduetara, Movistar Team taldeko txirrindulariak hiru liderrendako egingo du lan: Nairo Quintana, Alejandro Valverde eta Mikel Landa

Movistar Team taldea Gorraizen egon da kontzentratuta, 2018ko denboraldia prestatzen. Auten Mikel Landaren fitxaketa da albiste nagusiena. Nairo Quintana, Alejandro Valverde eta Mikel Landa izango dira taldeko liderrak. Askok oilar gehiegi ikusten dituzte oilategian, baina Movistar Team taldeko entrenatzaile Jose Luis Arrietak ez du arazorik ikusten. “Liderrak batera daudenean, taldearen indarra biderkatuko da” adierazi du Arrietak Diario de Noticias egunkarian.

Arrieta, zazpigarren urtez zuzendari
2017an Sky taldea izan zen talderik onena, eta aurreko hiru urteetan, aldiz, Movistar Team. Galdutako leku hori lortu nahi du 2018an talde nafarrak. “Frantziako Tourra da gure helburu nagusia eta hiru liderrek helburu hori lortzeko aukera gehiago ematen digute. Eusebio Unzuek eta errepideak erabakiko dute nor ariko den non. Bestalde, elkarbizitzak erakutsiko du liderren arteko arazoak egongo ote diren, baina orain arte ez dugu arazorik izan eta ez dut uste aurten izango dugunik. Elkarrekin batera,  taldearen indarra biderkatuko da” nabermendu du Uharte Arakilgo txirrindulari ohiak eta 2011tik Movistar Team taldeko zuzendaria denak.

Aurreko urtean Movistar Team taldean zebilen Gorka Izagirre Ziordiko bizilagunak taldea utzi eta Bahrain taldean ariko da 2018 denboraldian, bere anaia Ionekin. Taldean jarraituko duena Hiriberriko Imanol Erbiti (1983) izango da. 2018an profesional mailako bere 13. denboraldiari ekingo dio Erbitik, guztiak talde berean. Tropelean eta bereziki bere taldean izugarri estimatzen dute Erbiti, gregario edo laguntzaile bikaina da, liderren ezkutari fidel eta nekaezina. Frantziako 8 Tourretan hartu du parte, Espainiako 10 Itzulitan, Italiako Giro batean eta Mundialetan 6 aldiz aritu da ibilbideko proban eta behin erlojupekoan. Bestalde, Rioko Olinpiadeten hartu zuen parte. Aurten, atzera ere, liderren laguntzaile fidelenetakoa izango da. Adierazi duenez, bere taldeari Frantziako Tourra irabazten laguntzeak izugarri motibatuko luke. “Gregario batendako, hori ia bere izateko arrazoietako bat da”.  

2018an 25 txirrindulari izanen ditu Movistar Teamek. Mugimendu asko egon da taldean eta txirrindulari laguntzaile berri asko izango dira. Erbiti beteranoa izango dute erreferente guztiek.