Hiriberri Arakilgo kontzejuak aurten 20.428 euroko aurrekontua du. Jose Luis Legarra kontzeju-buruak azaldu digunez, “muga-aurrekontua” da onartutakoa. Aitortu digu haiena kontzeju “pobrea” dela eta inbertsioak egiteko aurreztu behar dutela. Gaur egun hala egiten ari dira. “Urte bat edo bi barru kontzeju-etxea konpondu nahi genuke”. Fatxada eta leihoak berritu nahi lituzkete.
Herriaren eraikina faseka konpontzen ari dira. Joan den urtean Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko diru-laguntzarekin berogailua jarri zuten. 2014an erabilera anitzeko gela egokitu zuen Arakilgo Udalarekin hitzarmena egin ondoren. Aurretik hiriberriarrek eraikina auzolanean hustu zuten eta udaleko langileek 2013an lan batzuk aurreratu zituzten.
Eraikinaren banaketa
Behe solairua (231,24 m2): ezkaratza (13,31 m2), komunak (16,30 m2), banatzailea (11,26 m2), biltegia (40,5 m2), squasha (76,25 m2), harrera gunea (15,50 m2), mediku kontsultategia (15,2 m2), kontzejuaren bilera gela (23,3 m2) eta artxiboa (7,75 m2).
Lehen solairua (209,19 m2): banaketa (25,32 m2), erabilera anitzeko gela txikia (22,81 m2) eta erabilera anitzeko gela handia (61,06 m2).