Ihote ospakizunak hartuko ditu Hiriberri Arakilek gaur. Egitaraua Txitera elkartean abiaraziko dute, triki-poteoa izanen da 11:30ean. Eguerdian herri kirol saioa eginen dute hiriberriarrek. Bazkaldu aurretik mozorrotuen herri argazkia eginen dute. Talde argazki koloretsua eta gero herri bazkarian bilduko dira eta tripa-zuloa bete ondoren musean, pintxazoan edo partxisean aritzeko aukera izanen da, lehiaketa bana antolatu baitute. Mahaitik jaso eta ariketa pixka bat egiteko txanda izanen da. 19:30ean sokatira saioak eta txapel-jaurtiketa iragarri dituzte. Eguna despeditzek, 20:00etan, Aitittarko erreko dute, bera omen baita gaiztakeria guztien errudun. Gerta liteke eskuan erratza edo zigorra dutela moxorroaren bat agertzea eta korrikaldiak eragitea.
Garai batekoak
Juan Garmendia Larrañagak Carnaval en Navarra liburuan jaso zuenez, urteko aurreneko egunetako batean herriko gazteak tabernan elkartzen ziren maiordomoa eta laguntzailea aukeratzeko. Aurreko urtean maiordomo izandakoak gazteen artean kartak banatzen zituen eta ezpatako erregea tokatzen zitzaion gazteak kartak berriro banatzen zituen. Ezpatako erregea ateratzen zuen gaztea maiordomo izendatzen zuten. Zozketa horretan ez zuten parte hartzen aurreko urteko maiordomoak eta bere laguntzaileak.
Ihoteak iristean maiordomoak eta laguntzaileak ardi edo ahari bat erosten zuten, ospakizunetan hura jateko. Haien ardura zen musikariak kontratatzea, bazkari-afarien ardura, gastuen kontuak aurkeztea, zorrak pagatzea eta abar.
Inauterietako igandean gazteek etxez etxeko puska biltzea egiten zuten. Tabernatik edo musikarietako baten etxetik abiatzen ziren. Jasoko zituzten arrautza eta hestekiak eramateko zare bat eta haga bat eramaten zituzten. Gitarra eta bandurria lagun aritzen ziren. Ematen zieten dirua maiordomoak jasotzen zuen. Erronda despedituta, tabernan zopa, txitxirioak eta ahari edo ardi gisatua eskaintzen zieten. Horiek bulkatzeko ardoa, kafea eta anisa edaten zituzten. Arratsaldean gazteetako batzuk mozorrotu eta erratza eskutan haurrak kolpatzen aritzen ziren. Dantzaldia errepidean egiten zuten. Garai batean ttunttunarekin, txistua eta atabalarekin, gitarra eta bandurriarekin gero. Galdu aurreko azken ihoteetan akordeoilari bat aritu zen. Otoitzerako ezkilekin gazteak barrura sartzen ziren, mozorroak kaletik desagertzen ziren, mutilak mozorroa kendu eta aurpegia agerian uzten zuten. Gazteek elkarrekin afaldu ondoren, kalean errondan aritzen ziren, kopla kantari.
Ihoteko astelehenean gazteak igandeko puska biltzean jasotakoa afaltzen zuten eta zenbait urtetan herrian barnako erronda egin zuten.
Astearte-ihotean, berriz, gazteek bederatziak aldera tabernan galletak anisa eta koñaka gosaltzen zuten. Eguerdian otamena zuten: gazta, txorizoa, ogia eta ardoa. Bazkaltzeko ardikiarekin egindako zopa eta gisatua zituzten. Arratsaldeko lehen orduetan mozorrok agertu eta ahal zuten jende guztia zirikatzen zuten. Ordu jakin batean mozorroek Aittitxarko edo Itxitxarko ateratzen zuten. Pertsonaiak pantaloia, atorra eta txaketa jantzita zituen, buruan txapela. Guztia agotzez beteta. Txikitxoa zen. Mozorroek makil baten muturrean jartzen zuten eta estandarte moduan zerabilten batetik bestera. Ongi egurtu ondoren, edozein bazterretan botata uzten zuten. Ondoren dantzaldia izaten zen, otoitz ezkilak jo arte. Ihoteak despeditzeko gazteak afaldu eta errondan kopla kantari ibiltzen ziren.