Paris-Roubaux: Erbitik galtzadarrien infernua bukatzea lortu zuen

Guaixe 2019ko api. 15a, 12:24
Argazkia: Movistar Team (BettiniPhoto.net).

Parisen hasi eta Roubaixen despeditutako galtzadarrien klasiko handian 73.a sailkatu zen Movistar Team taldeko Hiriberriko txirrindularia

Atzo Paris-Roubaix klasiko ezaguna jokatu zen, galtzadarrien klasiko handia, 257ko lasterketa luze, gogor eta gorabeheratsua, galtzadarrien Iparraldeko infernua. Ohikoa denez, mugimendu handiko lasterketa izan zen Paris-Roubaix, erorikoz jositakoa. Azkenean, Quick Step taldeko Philippe Gilbert gailendu zen, ia sei ordu bizikletan gainean egon eta Katusha taldeko Nils Polittekin batera helmugara iritsi eta gero (5:58:02). Movistar Team taldeko Imanol Erbitik proba despeditzea lortu zuen, helmugara 73.a iritsita, 15:47ra.

Euskal Herriko Itzulia: Gorka Izagirreren lan itzela anaia podiumaren gorenera igotzeko
Euskal Herriko Itzulia modu ezin hobean despeditu zen zale euskaldunendako, Bora taldeko Emanuel Buchamann liderra atzean uztea eta Itzulia irabaztea lortu baitzuen Astana taldeko Ion Izagirrek, oso gutxik espero zutena. Izan ere, Bora taldea Itzuli oso sendoa egitetik zetorren eta Itzulia beraiendako izango zela espero zen.

Baina Astanak makineria guztia lanean jarri zuen 6 mendatez jositako azken etapan. Ion Izagirre, taldekideak bikain lagunduta, erasoa jo zuen Azurkiko igoeran, helmugarako 66 kilometroren faltan, eta Buchmann liderra atzean uztea lortu zuen. Taldekideak bikain lagunduta, tartean bere anaia Gorka, helmugara laugarrena iritsi zen Ion Izagirre, Mitchelton taldeko Adam Yates garailetik 11 segundora, eta behar zuten tartea atera zion Buchmman liderrari, Euskal Herriko Itzulia irabazteko (19:24:09). 29 segundo atera zizkion Daniel Martini (UAE) eta 31 segundo Emanuel Buchmanni. “Aste oso gogorra izan da baina taldearen lana bikaina izan da eta Itzulia modu ezin hobean despeditzea lortu dugu” zihoen Ion Izagirrek helmugan, hunkituta. Ion Izagirre bitan hirugarrena izan da Euskalk Herriko Itzulian eta, azkenik, merezitako garaipena lortu du.