Txitera elkarteak antolatuta hiriberriarrak Aralarko Albi zelaira joaten direla 30 bat urte izanen dira. Bihar dira joatekoak. 08:30ean iturrian jarri dute hitzordua eta handik Berastegiko harrateko magaletik Aralarrera igoko dira. Handik Ata ibarrera joko dute eta hura gurutzatu ondoren, Artxueta atzetik pasa eta Albiko zelaira 13:00ak aurretik iritsiko dira. Batzuk oinez igotzen diren bitartean, bazkarirako beharrezko guztia ibilgailuan igoko dute besteek. Paella-jana izanen dute oinezkoek eta sukaldariek. 40 bat pertsona elkartzen dira mahaiaren bueltan. Bazkalondoan ere musika ez da faltako, ezta ohiko futbol partida ere. Bukatutakoan herrira autoetan bueltatuko dira. Eguraldiak lagunduko ez balu bazkaria elkartean eginen da.
Ez da Txitera elkarteak antolatzen duen mendi irteera bakarra. Sakanako Ibilaldi Handiaren ondorengo asteburuan Beriain mendira igotzeko irteera antolatzen dute. Menditik bueltan elkartean alubi-jana izaten dute zain.