Txitera elkartea izan zen ospakizunaren epizentroa. Han elkartu ziren mozorrotutakoak goizeko pintxo-potean eta gero bazkaltzera. Ihote-bazkarian 45 hiriberriar elkartu ziren. Mahaitik jaso gabe karta txapelketak izan ziren. Eta kalejiran abiatu aurretik, gorputza pizteko, sokatira txapelketa egin zuten euren artean. Aittetarkori su emanez despeditu zuten kalejira. Ihote-segizioko kideetako batzuk parranda Altsasun luzatu zuten.
Txitera elkarteko kideek antolatuko dituzte Hiriberri Arakilgo hurrengo bi ospakizunak. Aurrenekoa, Sakanako Ibilaldi Handiaren ondorengo larunbatean izaten ohi da (aurten maiatzaren 2an). Txiterak Beriain mendira irteera antolatzen du eta, ondoren, elkartean alubi-jana izaten da. Hurrengo irteera Aralarko Albi zelaira egiten dutena da. Garagartzaro erdialdean izaten da eta mendian bazkaltzen gelditzen dira hiriberriarrak.