Txirrindularitza

Imanol Erbiti Burgosko Itzulian

Guaixe 2020ko uzt. 29a, 08:58

Atzo itzuli zen txirrindularitza profesionala

Atzo berrabiatu zen txirrindularitza profesionala, Burgosko Itzuliarekin. Normalean apalagoa izaten da lasterketa hau, baina aurten izar handiak ari dira lehiatzen, denboraldi berezi honen isla. Izan ere, horrenbeste murriztu den egutegian, probatan aritzeko edozein aukera luxua da txirrindulariendako. 

Atzo Burgosen hasi eta despeditu zen 157 kilometroko etapa jokatu zen. Helmugarako 800 kilometroren faltan, Bora taldeko Felix Grobschartnerrek erasoa jo zuen, gainontzeko txirrindulariak sorpresaz hartuz, eta bakarrik iritsi zen helmugara (3:40:21). 8 segundora sartu ziren Quick Stepeko Joao Almeida, Movistarreko Alejandro Valverde eta Astana taldeko Alex Aranburu. 
Movistar Team taldeko Imanol Erbiti 59.a sartu zen, 1:28ra, Valverde liderra babesteko lan itzela egin eta gero. 

Oscar Guerrero zuzendari altsasuarraren Israel Start-Up taldeak 5 txirrindularirekin ekin behar izan zion Burgosko Itzuliari. Prebentzioagatik bi taldekidek ez zuten irteera hartu, aurreko egunetan positiboa eman duen taldekide batekin egon zirelako. 

Gaur bigarren etapa jokatuko da, Castrojerizen hasi eta Villadiegon despedituko dena (168 km). Burgosko Itzuliko etaparik luzeena da, printzipioz esprinterrendako aproposa.